Asier Agirre alkatea Goiena Telebistako Goiena Magazinea saioan izan zen pasa den eguenean eta bertan kazetarien galderak erantzuteaz gain, oposizioarenak ere erantzun behar izan zituen. EAJko zinegotzi Txema Vilchesek gogor kritikatu du Plan Orokorraren atzerapena eta Udal gobernuari eskatu dio batzorde bat eratzea Plan Orokorra garatzeko. Batzorde hori zabala izan beharko litzatekeela uste du Vilchesek, herritar guztiek ahotsa izan dezaten.
Oposizioari erantzunez Agirrek azaldu zuen ez dagoela batzorde berri bat eratu beharra. Agirrek uste du Plan Orokorraren gaia Hirigintza Batzordean lantzen denez, ez daukala zentzurik beste batzorde bat eratzeak.
Lur zatiketak ere izan ziren hizpide eguenean. Oposizioak azken hilabeteotan egin diren lur zatiketetan kontraesanak ikusten ditu; kasu batzuetan Diputazioaren, abokatuaren eta Udaleko idazkaritzaren txostenak kontrajarriak direla dio Vilchesek. Gai honen inguruan honako iritzia dauka Asier Agirre alkateak: "Urte askotan Aramaion ezin izan dira lur zatiketak egin eta horrek ez dauka inolako zentzurik. Herritar askori arazo ugari sortu dizkio egoera horretan egoteak. Oposizioari esango nioke kaltetuekin biltzeko eta euren egoera ezagutzeko. Horrela, beharbada, ulertuko dute zergatik hartu ditugun erabaki horiek".
Abiadura Handiko Trena
Abiadura Handiko Trena eraikitzeko lanen kontra ere gogor egin zuen alkateak. Agirrek uste du nahi duten moduan dabiltzala Zabola auzoan eta ez dituztela ez auzotarrak ezta segurtasun neurriak ere errespetatzen.
Abiadura Handiko Trenaren harira gogoratu behar da Asier Agirre alkateak Gasteizko epaitegian deklaratu behar izan zuela herrian trenaren gaineko galdeketa egitearren. Epaiak irekita jarraitzen du eta datorren astean beste bi herritarrek joan beharko dute deklaratzera. Asier Agirrek uste du ezker abertzalearen kontrako beste mehatxuetako bat dela bere kontrako epai hori: "Ezker abertzaleko hautetsien kontrako eraso bat gehiago da hau".
Euskara
Orain dela aste batzuk Udalak iragarri zuen euskararen kale erabileraren kale neuerketa egingo zutela azaroan. Bada alkateak iragarri zuen kale neurketa hori egin dutela dagoeneko. Abenduan emango dituzte ezagutzera azterketa horren emaitzak.