Datorren eguaztenean egingo dute agintaldiko aurreneko udalbatzarra

Ubane Madera 2007ko eka. 22a, 12:39
Aurreikusitako epea astebete aurreratu, eta datorren eguaztenean, ekainaren 27an, egingo du udalbatzak agintaldiko lehenengo osoko bilkura. Orain arte moduan, 18:00etarako egin dute hitzordua, eta, jakina, interesa duen edozein herritar joan daiteke ekitaldira.

Osoko bilkurak, berdin

Bestelakoen artean, zehaztu  beharko dute osoko bilkuren maiztasuna. Hau da, datozen lau urteotan zein egunetan eta zein ordutan egingo dituzten udalbatzarrak. Orain artekoak hileko azkeneko eguaztenetan egin izan dituzte, 18:00etan. Eta Asier Agirre alkateak dagoeneko aditzera eman du datozen lau urteotan ere halaxe egingo dituztela.

Batzorde informatiboak

Hortik aurrerako guztia "zehazteko" dagoela jakinarazi du alkateak. Adibidez, udal batzorde informatiboak osatu eta haien arduradun politikoak izendatu beharko dituzte eguazteneko batzarrean.
Gaur egun Udalean zazpi batzorde informatibo daude: Hirigintza eta Obrak; Zerbitzuak; Ogasuna; Mendia eta Ingurumena; Kultura eta Ongizatea; Euskara eta Hezkuntza; eta jakina, Alkatetza. Hala, udal gobernu berriak eskubidea dauka orain arte moduan lanean segitzeko edo batzorde horiek beste moduren batean antolatzeko. Adibidez, gaiak banan-banan kontuan hartu eta bakoitzarendako batzorde bana sortuta. 

Dena den, horren harira, Asier Agirrek esan du "lantaldeak zehaztu barik" daudela.

Alkateordea eta auzo alkateak

Bestalde, alkateak bere ordezkoa, alkateordea dekretu bidez izendatzeko eskubidea du. Eta, datorren eguazteneko batzarrean jakinarazi beharko du zein izendatuko duen. Horren gainean ere oraingoz ez duela ezer erabaki esan du Asier Agirrek. 
Eta, besteak beste, alkateak, hurrengo osoko bilkurari begira, auzo alkateak izenda daitezen ere eskatuko du, nahiz eta gero haiek aukeratzeko bozketa egin beharko duten. 

Lotuta izatea pentsatzen dute

Bukatzeko, horrekin guztiarekin batera, organo kolegiatuak izendatu beharko dituzte. Hau da, Aramaioko Udalak parte hartzen duen erakundeetarako udal ordezkariak izendatuko dituzte. Adibidez, Zuiako Koadrilako, Uemako, Goienako, Vital Kutxako eta halakoetako ordezkariak.

Lehen esandako moduan, alkateak esan du erabaki gehienak hartu barik dituztela oraingoz, baina gaineratu du datorren osoko bilkurarako "seguru aski guztia lotuta" izango dutela; egunotan dabiltza guztia antolatzen. 

Eta alkateak besterik proposatu ezean, puntu horiek landu ostean bukatuko dute agintaldiko aurreneko udalbatzarra.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak