Cuatrovientos baserrirako bidea dagoen mendi zatia behera etorriko da

Julen Iriondo 2010ko urt. 13a, 16:45
Baieztapen gordina da, baina hasieran susmoa zena baieztatzen ari dira azterketa geologikoak. Aramaioko alkateak, dena den, lasaitasunerako mezua eman gura izan du, mendiaren mugimendua kontrolatzen ari direlako, eta ez delako une batetik bestera dena behera etorriko. Hori bai, gertatzen denerako hainbat eskakizun egin dizkie alkateak AHTren lanetako eta trenbide azpiegituretako arduradunei.

Abenduan ohartu ziren Arrasate eta Aramaio arteko errepide alboan, Cuatrovientos baserrirako bidea dagoen lekuan, pitzadurak agertzen eta poliki poliki mendia jaisten ari zela. Aramaioko Udaleko ordezkariak, Arabako diputazioko errepideetako arduradunak, AHTren lanetako buruak eta Ertzaintza harremanetan dira ordutik, eta aldi berean azterketa geologikoei ere ekin diete, mendiaren materialak, duen egonkortasuna eta izan dezakeen bilakaera aztertzeko. Aramaioko alkate Asier Agirreren arabera, ez dakite noiz eta nola, baina badakite mendi zatia behera etortzeko arriskua hor dagoela. 200 metroko zabalera eta 100 metroko luzera duen azalera izan ei daiteke. Eta esandakoa, Arrasate eta Aramaio arteko errepidea dago azpian. Dena dela, eta lehenengo eta behin, lasaitasun mezua eman gura izan du alkateak, ez delako bat-batean etorriko behera. Gainera, udalak hala eskatuta AHTren lanetako langileek 24 orduz zaintzen dute, zer gerta, mendi-magala.

 

Magala jausten denerako desbideratzea iragartzen duen panela jarrita edukitzeko ere agindu zien diputazioak obrako arduradunei. Eta bide bazterrean dago dagoeneko, erdi estalita. Asmoa da errepide nagusia lurpean geratzen bada Suñarako bidetik bideratzea zirkulazioa. Baina hori horrela izan dadin bide hark hobekuntzak behar dituela dio Agirrek. Hobekuntza nagusia litzateke ibilbide osoan bidea zabaltzea. Alkateak eguerdian egin du bilera AHTren lanetako eta Espainiako trenbide azpiegituretako arduradunekin, eta eskari horiexek egin dizkie beste batzuekin batera. Beste eskaeren artean dago Cuatrovientos baserrira joateko bide alternatiboa egitea, oraingo bidetik ibiltzea ez omen delako segurua.

Etorkizunera begira, kezka handia azaldu du alkateak: "Inguru horretako lanen % 10 ere ez dira egiten ari, eta orain horrela ari bagara...", adierazi du Agirrek. Alkateak dio lanetako arduradunek lanei ematen dietela lehentasuna, baina eurak ari direla presioa egiten, gauzak behar den bezala egin daitezen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak