Bularretik Mintzora kanpaina ipiniko dute abian Aramaion

Arritxu Barruso 2009ko ira. 25a, 14:35
Barikuan Bularretik Mintzora proiektua aurkeztu zuen Aramaioko Kultura Etxean Galtzagorri Elkarteak. Kanpaina honen helburua da umeengan irakurketarako ohiturak sustatzea; horretarako hitzaldiak eta ikastaroak emango dituzte guraso eta irakasleendako. Aurkezpen ekitaldian izan ziren, besteak beste, Galtzagorri Elkarteko Itziar Zubizarreta, Aramaioko alkate Asier Agirre eta Kultura zinegotzi Ainara Inuntziaga.

Bularretik Mintzora proiektuaren helburu nagusia da 0 eta 6 urte bitarteko haurrengan irakurketa ohiturak sustatzea gurasoekin eta haien hezitzaileekin. Kanpainaren arduradunek adierazi dute irakurketa oso garrantzitsua dela haurraren garapenean eta "haurrari irakurtzen ematen diogunean haurraren garapen intelektuala, emozionala, soziala eta hizkuntzarena estimulatzen ditugula". Gaineratu dute haur txiki bati irakurtzen diogunean komunikazio afektibo bat sortzen dela bera eta bere helduen artean.

Formazioa

Orain arte aipatutako guztia lortzeko guraso eta irakasleak formatzea da Bularretik Mintzora kanpainaren helburua. Horretarako hitzaldiak eskainiko dituzte eta baita ikastaroak ere. Pello Añorga ipuin kontalari eta idazleak Helduentzat nola kontatu, irakurri, begiratu liburu bat izenburua duen ikastaroa eskainiko du; hitzaldiak urriaren 15, 22, 28 eta 29an izango dira, 18:00etan kultura etxean. Juan Karlos Alonso psikologoak, bestetik, hitzaldi bat eskainiko du azaroaren 3an haur literaturak hurraren garapenean duen eraginaren gainean. Horrez gain, Juan Kruz Igarabide poetak eta Itziar Zubizarreta irakasle eta narratzaileak ere emango dituzte hitzaldiak; bi jardunaldi horien datak zehazteke daude oraindik. Dena dela, antolatzaileek azaldu dute hitzaldien egunak eta orduak guraso eta irakasleekin batera adostuko direla eta posible dela aldaketak egotea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak