Brontzezko dominarekin itzuli da Maider Unda Azerbaijandik

Mirian Biteri 2010ko api. 18a, 21:45
Erakustaldi bikaina egin du Maider Unda oletarrak apirilaren 13tik 18ra bitartean, Azerbaijango hiriburu Bakun egin den 2010 Europako borroka txapelketan; 72 kiloko emakumezkoen mailan, brontzezko domina lortu du-eta. Lehenengo aldia da debagoiendarra txapelketa horretan podiumera igotzen dela.

Eguenean mediku azterketa izan zuen eta jarraian, egubakoitzeko lehiak zehaztuko zituen zozketa egin zuten. Greziako Maria Louiza Vryoniren kontra lehiatu zen lehenik. Egubakoitzeko eguna ondo hasi zuen oletarrak, greziarrari irabaziaz (0-1,1-0,2-0), kanporaketa berdindu batean. Final laurdenetan, baina, Ekaterina Bukina errusiarrak finalerako bidea moztu zion (3-0,4-1). Errusiarraren lan onak, dena dela, bigarren aukerako atea ireki eta hori ondo aprobetxatzen jakin zuen Undak.

Marina Glastl, aurkari

Lehenik, Dina Ivanova azerbaijandarra kanporatu zuen (0-2,0-4) eta jarraian, pasa den urteko munduko txapelketan gertatu zen bezala, Marina Gastl austriarrarekin borrokatu behar izan zuen domina lortzeko. Oraingoan ere Unda garaile irten zen (0-1,4-0) eta modu horretan, Europako txapelketa batean lortzen duen lehen domina lortu zuen.

Joan den martitzenean abiatu zen borrokalaria Azerbaijanera. Nazioarte mailan, aurreko urteetan baino zerbait gutxiago ibili bada ere, Kabuko hitzordurako ondo prestatu izan da eta hortaz, podiumera heltzea zuen helburu nagusi. Ez du huts egin eta lortu izan du. 

Beijingo joko olinpikoetan

Undaren ibilbidea luzea da. 1998. urtetik da Espainiako emakumezkoen borroka taldeko partaidea. Europa eta Mundu mailako askotariko txapelketan parte hartu izan du ordutik hona, 72 kilogramoko emakumezkoen maila olinpikoan. Aipatzekoak dira, esaterako, 2001ean egindako Mediterranear Jokoetan oletarrak irabazitako brontzezko domina, eta 2007an Bakun bertan jokatutako Munduko txapelketan lortutako bosgarren postua. Azken horrek, 2008ko abuztuan, Beijingen (Txinan) izan ziren joko olinpikoetan parte hartzeko balio izan zion. Jokatutako aurreneko joko olinpikoetan ezin izan zuen domina lortu, txapelketa bikaina egin bazuen ere; 5. postuarekin konformatu behar izan zen.

12 bider espainiako txapeldun

Joan den urteko munduko txapelketan, berriz, brontzezko domina lortu zuen. Horrez gain,12 aldiz izan da Espainiako txapeldun. 2000n irabazi zuen lehenengo urrea eta ordutik hona ez du aurkaririk izan horretan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak