Bigarren urtez jarraian, Santi Artetxe nagusitu da Aramaion

Arantzazu Ezkibel Galdos 2007ko uzt. 22a, 17:43

Lehia estua izan zuten Aramaion lehenengo postua eskuratzeko, Santi Artetxe eta Joseba Zapirainek. Baina, iaz bezala, aurten ere pronostikoak bete eta Santi Artetxe eta Sandra Fernandez nagusitu ziren Aramaioko VI. Rallysprintean.

Bederatzi segundo-hamarren

Hori izan zen, bederatzi segundo-hamarren, lehenengoa eta bigarrenaren arteko aldea.

Santi Artetxek, Peugeot 307 autoarekin, 00:12:14,2ko denbora behar izan zuen hiru txandak egiteko. Joseba Zapirainek (Seat Cordoba), berriz, 00:12:15,1 behar izan zuen. Hala, Artetxe eta Fernandez bikoteak garaipena lortu zuten, gutxigatik bada ere. Hirugarren postuan, Xabier Lujua eta Joseba Larrinaga sailkatu ziren.

39 autok amaitu zuten proba

52 auto izan ziren Aramioko hasiera puntuan; amaitu, berriz, 39k besterik ez zuten egin. Lehenengo txandan, lau auto geratu ziren lehiatik kanpo. Horien artean, Aramaioko Haritz Errasti eta Ander Oion. Etxeko bikoteak ezin izan zuen autoa garaiz gelditu eta soroan goitik behera joan ziren. Bigarrenean, bost auto kanpoan geratu ziren; tartean, Aitor Kortazar eta Aitzol Jimenez elgetarrak, eta, hirugarrenean beste lau autok itxi zuten lehia.
Bestalde, lasterketa-tramuak 500 metro gehiago izango zituela aurreikusi bazen ere, azkenean, antolatzaileek, segurtasun neurriengatik, ibilbidea bere horretan ustea pentsatu zuten. Hala, betiko ibilbidea izan zuen zapatuko lasterketak: 6 kilometro eta 200 metro.

Aipatzekoa da, zapatuan, lehenengoz, emakumeak lehiatu zirela; Itziar Alonso eta Mireia Saizar bikoteak 34. postuan amaitu zuen lasterketa. Guztira, 00:15:19,4ko denbora egin zuten Alonso eta Saizarrek, Artetxek baino 03:05,2 gehiago.

Ibarreko pilotuak

Ibarreko lau auto aritu ziren Aramaion. Esan bezala, Aramaioko Errasti eta Oionek, eta, Elgetako Kortazar eta Jimenezek proba utzi behar izan zuten.

Bestalde, Oñatiko David Ardion eta Mikel Altuna 21. postuan sailkatu ziren. Renault Clio Sport autoarekin ibili ziren eta 00:14:00,5ko denbora egin zuten. Garagartzako Igor eta Iker Orobengoa anaiek (Seat Ibiza GT TDI)  28. postuan amaitu zuten, 00:14:34,2ko denbora eginez.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak