Honakoak dira finalean bertsotan jardungo duten gazteak: Jokin Labayen (Arrasate), Julio Soto (Iruñea), Miren Artetxe (Hendaia), Iñaki Viñaspre (Abetxuko), Patxi Iriart (Hiriburu) eta Hodei Iruretagoiena (Zarautz). Gai jartzailea, berriz, aramaioarra izango da. Manex Agirrek ipiniko ditu lanean sei finalistak.
Finalean egin beharreko lanak, gainera, bereziak izaten dira Bertxoko txapelketaren finalean. Agurra kantu ezagun batean oinarritutakoa izan behar da eta puntuagarria da. Zortziko handian eta txikian hiruna bertso bota beharko dituzte, gero, ofiziotan. Bi punturi erantzun beharko diote, ondoren, eta bukatzeko kartzelako lana.
Afaria 20:30ean hasiko da, baina, afarira joan nahi ez dutenek 22:30etik aurrera bertso saioaz gozatzeko aukera izango dute. Eskolara gerturatu besterik ez dute egin behar.