Bertan behera geratu da lursailak desjabetzeko akten sinadura

Txomin Madina Milikua 2008ko maiatzaren 6a

Sustapen ministerioko langileak gaur joan dira Aramaioko udaletxera Abiadura Handiko Trenaren lanak egin ahal izateko lurren desjabetzeen aktak sinatzera. Azkenean, baina, eta duela aste gutxi Eskoriatzan gertatu zen bezala, bertan behera geratu da akten sinadura.

Goizeko 10:30ean ziren heltzekoak Sustapen ministerioko langileak Aramaioko udaletxera, baina, azkenean, 9:45ean heldu dira bertara. AHT egiteko lurren desjabetzeen sinatzea zen euren eginbeharra, baina gaurkoan hasieratik ekarri dituzte prestatuta sinadura hauek bertan behera uzteko dokumentuak.

Bertan behera uzteko akten sinadura udaletxe barruan egitea zen asmoa, baina ministerioko langileak ertzainekin sartu dira udaletxera, eta bertan bildutako jendeak orduan bidea moztu diete. Istiluak ekiditeko, udaletxe kanpoan sinatu dituzte azkenean dokumentuak.

Desjabetzeak

Aramaion, denera, 70 lursail desjabetuko dituzte eta 40 partikular. Udalari dagokionez, hainbat lursail eta bide desjabetuko dizkiote.

Protestak

Sustapen ministerioko langileen bisita dela eta, AHT gelditu elkarlaneko kideek bultzatuta hainbat ekimen burutu dituzte Aramaion. Hala, atzo iluntzean manifestazioa egin zuten, eta gaur goizean bertan hainbat kide eta herritar bildu dira udaletxe kanpoan eta barruan AHTren kontra protesta egiteko.

Ertzainen furgoneta bat egon da uneoro udaletxe inguruan, eta eurek babestuta sartu dira udaletxean Sustapen ministerioko langileak. Tentsio uneak egon diren arren, ez da aparteko istilurik egon manifestari eta ertzainen artean.

Gainerako sinadurak ere bertan behera

Sustapen ministeriotik jakinarazi digutenez, gaurkoaz gain, bihar, etzi eta datorren maiatzaren 13rako aurreikusita zeuden desjabetzeen akten sinadurak ere bertan behera geratu dira Aramaion. Gobernu ordezkaritzak zehaztuko du non eta zein egunetan sinatuko diren akta hauek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak