Berrikuntza barik, irailean jokatuko dute Aramaioko IX. Rallysprinta

Mireia Bikuña 2010ko uzt. 27a, 10:34
Irailaren 11n jokatuko dute Aramaioko IX. Rallysprinta. Hilabete eta erdi falta da, baina dagoeneko antolatzaileak hasi dira proba prestatzen. Ibarran hasita, Etxaguenetik Gantzagara egingo dute helmugara heltzeko. Errepidea 14:30ean itxiko dute, eta ordu bete beranduago hasiko dute proba.


"Abuztua dago aurretik, eta ezer gutxi egin dezakegu. Hasi gara prestaketa lanekin", esan digu Azpikoracing antolatzaile taldeko kide Julen Agirrek.
Ez du aldaketarik izango iraileko probak, Aramaioko errepideetan lan dezente egiten diharduten arren. "Ez dugu uste arazorik izango dugunik. Lanean dihardute, baina ohiko ibilbidea egin ahalko dugula uste dugu", dio Agirrek. Hori horrela bada,  6,7 kilometroko ibilbidea egingo dute.
Irteera puntua Ibarran egongo da. Handik Etxaguengo bidegurutzeraino aldapa gora egingo dute. Ondoren, Gantzagarako bidea hartuta, azken kilometroak aldapa behera egingo dituzte gidari guztiek.

Parte-hartzaileak

Parte-hartzaile kopuruari dagokionez, daturik ez dute antolatzaileek. Izenemateak "azken orduan" egiten dituztela esan digute: "Oraingoz ez du inork izenik eman. Abuztu bukaeran edo irail hasieran emango dute izena gehienek". Iaz 60 gidarik eman zuten izena eta 2008an 68k. Tartean, etxeko gidariak (Inhar Amenabar eta Igor Orobengoa) eta kanpokoak (Vilariño anai-arrebak, Josetxo Zapiain Ruben gartzia eta Jose Labaka).
Iaz, Ander eta Angela Vilariño izan ziren azkarrenak Aramaion Subaru autoarekin, Jose Labaka eta Ruben Gartziaren aurretik.

Uztailetik irailera

Azken bi urteotan –2008an eta 2009an– irailean egin dute Aramaioko Rallysprinta. Aurretik, baina, uztailean egiten zuten. Auzoetako jaiekin bat ez egiteko erabaki zuten data aldatzea. "Arazoak izaten genituen auzoetako jaiekin. Rallysprinta egiteko errepidea moztu beharra daukagu, eta jaietan ezinezkoa zen. Hori horrela, irailera atzeratzea erabaki genuen", esan digu Agirrek. Aldaketa onerako edo txarrerako izan den galdetzerakoan, zera esan digu: "Ez nuke esango hilabete aldaketak onerako edo txarrerako eragina izan duenik. Eguraldia da inportanteena. Iaz, euria egin zuen eta ikusle gutxiago egon zen. Dena den, irailean egiten dugunetik ikusleek eta gidariek ondo erantzun dute. Egia esan, ezin gara kexatu".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak