Datozen hilabeteotan auzoetako azpiegiturak hobetzeko zenbait proiektu eta lan ipiniko ditu martxan Udalak. Zalgon, Errotaberrin, Arriolan, Untzillan eta Bentamotzen egingo dituzte lan handienak. Guztira, azpiegiturak hobetzera, 1.200.000 euro inguru bideratuko ditu Udalak.
Bentamotzen hasi dituzte dagoeneko azpiegiturak hobetzeko lanak.
Udalak Besaide enpresari adjudikatu dio proiektua 45.152 euroko aurrekontuarekin. Lan garrantzitsua egingo dute Bentamotzen: argia, ura, gasa, saneamendua eta asfaltatzea.
Arriola
Arriolako azpiegiturak hobetzeko proiektua, bestalde, lehiaketara atera dute. Lan horietarako aurrekontua 457.771 eurokoa da. Argiteria publikoa, saneamendu sarea eta gasaren hoditeria berria ipiniko dituzte. Enpresek 15 eguneko epea daukate lehiaketara aurkezteko.