Animaliarik ez
Otsoen erasoen arazoa dela-eta neurriak eskatzeko, UAGA sindikatuak eta Sergal abeltzainen kooperatibak Arabako ganadu azokak boikotatzeko deialdia egin zuten uztailaren erdi aldera. Hori horrela, oraingoan ere Aramaioko Erretiratuen Egunean azokari boikot egiteko eskatu diete baserritarrei. "Arabako zenbait artzainek bizi duten egoera jasangaitza da. Otsoen erasoak jasaten dituzte egunero. Kontua ez da bakarrik ardiak galtzen dituztela, egoera horrek euren bizi baldintzak jasangaitz bihurtzen ditu. Artaldearekin egon behar dute gau eta egun. Artzain askok utzi egin behar izan dute artzaintza", dio Felix Ajuriak, Oleta auzoko artzain eta UAGAko ordezkariak.
Aramaioko baserritarrei eskatu diete azokako postuetara baserriko produkturik ez eramateko. "Baserritarrontzat oso garrantzitsuak dira azokak, gure lana eta produktuak erakusteko bidea dira. Honekin erakutsi nahi diogu gizarteari etsita gaudela eta horrela ezin dugula aurrera egin", dio Ajuriak. Uztailaren erdi aldera hasi zuten protesta eta pozik daude lortutako erantzunarekin: "Arabako Diputazioak hasiera batean aurkeztu zuen Otsoen Gestio Plana artzainen kontrako plana zen eta hori atzera botatzea lortu dugu. Gainera, Diputazioak otsoen eraginaren azterketa egingo duela agindu digu. Baina hori ez da guztia: Diputazioak otsoen erasoekin nola jokatu behar den zehazten duen foru agindu bat dauka, baina ez dute betetzen. Eta foru agindu hori betetzea da gure beste eskaria".
Aramaioko Udalak UAGAren eta Sergalen eskaerarekin bat egin du; hori horrela, erabaki dute aurten Erretiratuen Egunean animaliarik ez jartzea goizean egiten den azokan.