'Baserri barri' proiekturako eraikina egiten hasiko dira datorren hilabetean

Mirian Biteri 2010eko apirilaren 12a

Proiektu potoloa du esku artean Aramaioko Udalak: 'Aramaixo aurrerakin proiektua', hain justu ere. Aramaioko alkate Asier Agirrek eta Ingurumen zinegotzi Jon Errastik azaldu dute asmoa dela hori lau urteko epean martxan jartzea eta horretarako, 6 milioi euro bideratuko direla.

Egitasmo hori, aldi berean, hiru proiektutan dago banatuta. Batetik, biomasa galdararena dago. Agirreren esanetan, "Udalak egindako energia ikerketak ondorioztatu du udal eraikinek zein etxe partikularrek gastu handia dutela gasa eta gasolioarekin. Egurra erabiliaz, Ibarra berotuko genuke". Biomasako galdararen berokuntza sistemak ahalbideratuko luke hori, kultura etxearen ondoan egurra erretzen duen galdara handia jarriz. Horretarako aurrekontua 2,4 milioi euro ingurukoa da. 

Lehen sektorea

Bestetik, Aramaixo baserri barri dago. Udalerriko lehen sektorea bultzatzea bilatzen du horrek. Horretarako, hainbat mekanismo jarriko dira indarrean. Tartean, bertako ekoizleak (eztia, okela eta baratzeko produktuak ekoizten dituenak, besteak beste) zigilu baten barruan elkartu nahi dituzte. Alkatearen arabera, "ahal dela gertuko merkatuan jarri nahi ditugu produktuak. Gure helburua ez da produkzio handia egitea, baizik eta bertako eta inguruko herrietara kaleratzea. Hori aurrera ateratzeko, hainbat pausu finkatu dira; hala nola, eraikin bat egitea, produkzio kopurua zehaztea eta langileak jartzea". Jarraian, guzti hori martxan jarriko litzateke. Guzti hori egiteko, 3,5 milioi euro behar dituzte.

Laguntzak eskatuta

Alkateak aurreratu digu biomasa galdara jarri ahal izateko, laguntzak eskatu dizkiola Jaurlaritzari eta orain erantzunaren zain daudela.

Bestalde, lehen sektorea bultzatzeko, dagoeneko bi arlotan hasi dira lan egiten. Batetik, produktugile guztien materiala batu eta kaleratuko duen eraikina egiteko tramiteekin hasi dira. Dena ondo baldin badoa, datorren hilabetean hasiko lirateke Mendixola gainean obra horiek egiten, E-Planaren laguntzarekin. Errastiren esanetan, "Udalak ez zeukan herri inguruan lurzorurik eta hortaz, Diputazioarekin permuta egin dugu; 7.000 metro karratu inguruko lurzorua da". Bestetik, eraikina egiteaz gain, erakustoki bat ere jartzekotan dabiltza, hiltegian.

Maiatzean, herritarrekin

Udalak dagoeneko lehen aurkezpen bat egin du, erakunde publikoendako. Baina, herritarrek ere horren gaineko informazio zuzena izan dezatela nahi dute eta hori dela-eta, beste bi aurkezpen egitea aurreikusi dute udal ordezkariek; bata Aramaixo aurrerakin proiektu osoarena, eta bestea, biomasa galdararen berokuntza sistemarena; azken hori Ibarrako herritarrei zuzenduta egongo da bereziki, beraiei eragiten die-eta. Agirrek jakinarazi du ziurrenik maiatzean egingo dituztela batzar horiek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak