Barikuan amaitzen da orri-markagailu lehiaketan parte hartzeko aukera

Mirian Biteri 2008ko abenduaren 3a

Etzi, barikua, amaituko da Zuiako Koadrilako III. Orri-Markagailu Lehiaketan parte hartzeko epea. Herriko liburutegian, udal bulegoetan edo Zuiako koadrilako bulegoetan aurkeztu ahal izango dira horiek.

Lehiaketa horren oinarriak www.cuadrillazuia.com webgunean aurki daitezke. Orri-markagailuen gaia librea da eta mota guztietako materialak erabili daitezke. Lanak folio edo kartoi mehean aurkeztuko dira eta 4,5x21 zentimetroko tamaina izan beharko dute. Lehiakide bakoitzak, gehienez, hiru lan aurkeztu ahal izango ditu.

Itxitako gutunazalean aurkeztuko dira, kanpoaldean 'III. Orri-markagailu lehiaketa -Zuiako koadrila' eta kategoria jarriz. Azken horren harira, aipatu beharra dago lau kategoria daudela: Alebinak, 10 urtera arte; umeak, 11 urtetik 14ra; gazteak, 15 urtetik 17ra; eta helduak, 18 urtetik aurrera. Gutunazal horretan beste gutunazal bat sartu beharko da bakoitzaren datu pertsonalekin.

Sariak

Lehiaketak hiru sari ditu. Irabazleak 150 euro lortuko ditu; bigarrenak, 100; eta hirugarrenak, 50. Irabazlearen izenak Zuiako koadrilako web gunean argitaratuko dira datorren urtarrilaren 12tik aurrera.

Saritutako lanak koadrilarenak izango dira. Gainontzekoak, berriz, koadrilako egoitzan berreskuratu ahal izango dira apirilaren 24a baino lehen.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak