Auzolanerako hitzorduak Aramaion

Edu Mendibil 2009ko ekainaren 15a

Aramaioko Ondarea Berreskuratzeko Taldeak deituta, Andramariko eskailerak eta Maskañoko iturria konponduko dituzte zapatutik aurrera. Bestalde, herritar talde batek Santikurtz ermita konpontzeko deialdia egin du.

Aramaioko Ondarea Berreskuratzeko Taldea (AOBT) hitzetatik ekintzetara pasatuko da. Hilabete honetarako bi deialdi egin dituzte AOBTkoek. Lehenengoa datorren zapaturako da, ekainak 20, eta Aramaioko ondarea berreskuratzen hasiko dira auzolanean; talde batek Andramariko eskailerak konponduko ditu eta beste taldeak Maskañoko iturria konponduko du. Hilaren 27rako ere deialdia egin dute, egun horretan Sastiñatik Ametzura doan bidea garbitzea eta txukuntzea da asmoa. Herritarrei auzolanera batzeko deia egin diote AOBTkoek.

Dena dela, hauek ez dira taldearen asmo bakarrak, herri mailan berreskuratu nahi dituzten elementuen gaineko proiektu orokor bat landu dute eta diru-laguntzak jasotzeko zain daude, lanean hasteko.

Santikurtz ermita

Bestalde, Aixola auzoko Santikurtz ermita auzolanean konpontzeko deialdia egin dute. Teilatua osorik konpontzeko eta barne eta kanpoko hormak apaintzeko behar handia du ermitak. Beti ere parte hartzearen arabera, auzo lanak hiru aste bukaeratan egin ahal izango direla estimatzen da eta astebururako (ekainak 20 eta 21) eta hurrengorako (ekainak 27 eta 28) egin dute deia. Interesatuek beraien auzo alkateari eman diezaiokete izena.
Lanak egiteko traktoreak ere behar izango dira; materiala traktoreekin pagadiraino eramateko eta bertatik eskuz ermitaraino eramateko. Joan den urtean egin zituzten Santikurtz ermita auzolanean konpontzeko saiakera batzuk baina bertan behera laga behar izan zituzten eguraldi txarragatik. Ermitako erretaula konpondu dute eta orain bestelako lanak egitea aurreikusi dute, ekaineko giro ona aprobetxatuz. Ekaineko lehenbiziko domekan ospatzen dute Santikurtz eguna Aramaioko Aixola auzoan.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak