Auzo alkateekin elkarlana bultzatu nahi du Udalak

Arritxu Barruso 2007ko urriaren 11

Udalbatza berriak protagonismo berezia eman nahi dio auzo alkateen figurari eta elkarlana bultzatzeko mekanismo berriak jarri nahi ditu martxan. Nardeaga eta Ibargoia kaleetan ere auzo alkateak izendatu nahi ditu Udal Gobernuak

Joan den irailaren 30ean aukeratu zituzten aramaioarrek datozen lau urteotarako auzo-alkateak eta egun berean hartu zuten kargua.
Hauteskunde kanpainan iragarri zuen moduan, Aramaioko Udala gobernatzen dabilen udalbatzar berriak herritarren parte hartzea bultzatu gura du datozen lau urteotara begira. Hori horrela, eta bestelako ekimenen artean, protagonismo berezia eman nahi die izendatu berri dituzten auzoetako alkateei. "Ez dugu auzo alkateak mezulari soilak izaterik nahi, auzoetan egingo diren proiektuetan parte hartze zuzena izan dezaten nahi dugu", hala adierazi dio GOIENKARIAri Asier Agirre Aramaioko alkateak.
Beraz, Udalaren eta herriko auzoen arteko elkarlana bultzatu nahi du Udalak eta oraindik ere zehazteke dagoen arren, horretarako bideak abiarazi gura ditu oraingo legealdian. Adibidez, hasteko, herriko auzo alkate guztiekin lan talde bat osatzea litzateke udal talde berriaren helburua. 

nardeaga eta ibargoia

Horrekin guztiarekin batera, auzo alkateen gaiaren harira, bestelako aldaketa nabarmen bat ere egiteko asmoa dute. Hain justu ere, iraileko osoko bilkuran Eusko Abertzale Ekintzak planteatu zuen Nardeaga eta Ibargoia kaleetan egon ohi ziren auzo alkateak berreskuratzea. Hogei urte badira kale hauetan auzo alkaterik ez dutela izendatu. Azken urteotan Udalean jardunean ibili den taldeak ez baitu horretarako beharrik ikusi.

herriaren parte hartzea

Eta hain zuzen ere, proposamen  horrek eztabaida dezentekoa eragin zuen azkeneko osoko bilkuran, alderdi politikoen artean. Eta azkenean ere ez zuten inolako erabakirik hartu.
Eusko Abertzale Ekintzak aurkeztu zuen proposamenaren aurrean gainontzeko alderdiek (EAJ eta EA) ez dute uste kalean (Ibarra auzoan) beharrezkoa denik horrelako ordezkaritza izaterik.
Esandako moduan, oraingoz, eztabaida hutsean gelditu da gai hori. Adierazitakoaren arabera, Udal Gobernuak hil honi dagokion osoko bilkuran aurkeztuko du berriz gaia. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak