Aurrerakin plana ikusgai jarri dute udaletxean

Edu Mendibil 2010ko mai. 28a, 16:24
'Aramaixo aurrerakin proiektua' ikusgai izango da astelehenetik aurrera udaletxeko osoko bilkuren aretoan. Hasiera baten, Udalak ez zuen onartu proiektuaren aurrerapen proposamena eta oraingoan, herritarren eta aholku batzordearen ekarpenak hartu dituzte kontuan. Asier Agirre alkateak emandako informazioaren arabera, 60 bat iradokizun jaso dituzte.

Orain, hilabeteko epean, ekainaren bukaerara arte, hain zuzen, iradokizunak egiteko aukera izango dute herritarrek. Udaletxeko osoko bilkuren aretoan hainbat paneletan planoak jarriko dituzte ikusgai, eta, era berean, proiektuko dokumentua bera kontsultatu ahal izango da. Udaletxeko ordutegian izango da zabalik osoko bilkuren aretoa.

Behin iradokizun guztiak jaso eta aztertu ondoren, Aramaixoko aurrerakin proiektua-ren behin-behineko onarpena eztabaidatuko da osoko bilkuran.

Lau urteko epean aurrera eraman nahi dute aurrerakin plana, 6 milioi euro inguruko aurrekontuarekin. Dokumentuan, Aramaioren ahultasunak eta alde sendo edo erakargarriak jasotzen dira. Esaterako, lehen sektorearen aldeko apustua egitea jasotzen da eta hor jasotzen da Baserri berri egitasmoa. Aramaioko ekoizleak marka baten barruan batzea da helburua. Mendixolan kokatuko dute Agroaldea deritzon gunea. Bestetik, Distric Heating izeneko proiektuan, biomasako galdara jasotzen da. Gas eta gasolioarekin izaten den gastu handia ikusita, Ibarra auzoa egurra oinarri duen berokuntza sistemarekin hornituko da. Udalak herritarrekin bilera egin nahi du datozen asteotan proiektu horren gaineko xehetasunak emateko, baina oraindik ez dute datarik zehaztu.

Jaietako kartel lehiaketa

Bestalde, San Martin jaietako kartel lehiaketarako lanak aurkezteko epea astelehenera arte, maiatzaren 31ra arte dago zabalik. Adinaren arabera bi maila bereiziko dituzte: gaztetxoen arteko saria Elkar dendetarako 60 euroko bonua da eta nagusiena, berriz, 150 eurokoa. Argibide gehiago udaletxean, 945 44 50 16 telefono zenbakian.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak