Asier Agirreren aldeko atxikimendua, hainbat udaletako ordezkariek

Iker Barandiaran 2010eko apirilaren 10a

Gaur eguerdian prentsaurrekoa egin dute Aramaioko Udaletxean Asier Agirre alkatearen alde. Arrasateko alkate Ino Galparsorok, Otxandioko alkate Haritz Otxandianok eta Aramaioko udal gobernuko hainbat ordezkarik esku hartu dute. Salatu dute Agirre herriari iritzia galdetzeagatik epaituko dutela.

Eguaztenean, hilaren 14an, Aramaioko alkate Asier Agirre Gasteizen, Arabako Audientzia Probintzialean, epaitu egingo dute 2007ko irailean Aramaion AHTren gaineko herri galdeketa egin zelako.

Aramaioko udal gobernuko kideek azaldu zuten 2006ko azaroan 685 herritarrek eta Aramaioko hainbat elkartek Udalari eskatu ziotela AHTren gaineko herri kontsulta egitea. Baina Estatu Abokatuak bultzatuta, Arabako Audientzia Probintzialak herri kontsulta debekatu zuen. Gerora, 2007ko udal hauteskundeen ostean, herritarrek eskaera bera egin zuten eta urte hartako irailaren 28 eta 30 bitartean, galdeketa egin zuten. Herritarren %56k esku hartu zuen eta horietatik %98k AHTren kontra bozkatu zuen.

Horren ondorioz, Estatu Abokatutzak alkatearen kontra jo zuen eta haren kontrako epaiketa zabaldu zuten. 

40 bat udalen atxikimendua

Aramaioko Udalean alkatearen aldeko mozioa eztabaidatu eta onartu egin zuten, EAJ eta EAren kontrako botoekin. Gerora, Hegoaldeko eta Iparraldeko 40 bat udaletan mozio bera eztabaidatu eta onartu dute, Asier Agirreri atxikimendua adieraziz. Udal horien ordezkari moduan, Aramaion egindako prentsaurrekoan Arrasateko eta Otxandioko alkateak diren Ino Galparsoro eta Haritz Otxandianok esku hartu zuten.

Otxandianok jakinarazi du ulertezina dela alkate bat herriari hitza emateagatik epaitzea; eta demokraziak parte-hartzailea behar duela izan.

Intentzionalitate politikoa

Galparosorok, bestalde, gaineratu du epaiketa horren atzean intentzionalitate politikoak daudela: "Ez da kasualitatea zer motatako galdeketa den eta alkateak zer tendentzia politikoa duen".

Bestalde, Arrasateko alkateak gogoratu zuen hainbat udaletako ordezkariek kontzentrazioa egingo dutela eguazten goizean Gasteizen, epaitegiaren aurrean.

Herritarren erantzuna

Horrez gain, Asier Agirrek berak eskertu gura izan ditu atxikimendu mezuak eta baita herritarren aldetik jaso duen babesa: "Herriak ulertu du herria bera dagoela epaituta, eurek galdeketa eskatu eta eurek parte hartu zutelako".

Hala ere, gaineratu zuen Estatuko fiskalak bere kontra jokatu duela, orain arte AHTren gainean egin diren galdeketen emaitzak oso esanguratsuak izan direlako, eta alkateetako bat zigortuz, galdeketak moztu gura dituztelako.

Are gehiago, Aramaioko herritarrek kontzentrazioa deitu dute biharko, domeka, kultura etxe alboan, 13:30ean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak