Asier Agirre: "Oposizioari ez zaio inporta alkatearekin zer gertatuko den"

Julen Iriondo 2009ko abenduaren 15a

Aramaion, udal gobernua osatzen duten ordezkariek gogor salatu dute oposizioak alkatearen kontrako epaiketaren gaineko mozioa onartu ez izana. Data atzeratu ostean, azkenean otsailaren 10ean epaituko dute Asier Agirre, 2007ko irailean herrian AHTren gaineko herri-galdeketa egin izanagatik. Epaiketaren kontra mozioa aurkeztu zuten azaroko osoko bilkuran, baina EAJko eta EAko zinegotziak abstenitu egin ziren.

Otsailaren 10ean izango da azkenean Aramaioko alkate Asier Agirreren kontrako epaiketa. Gasteizko Justizia jauregira joan beharko du, duela bi urte AHTren gaineko kontsulta deitu izanagatik. Bere garaian ANVren izenean aurkeztu eta gaur egun udal gobernu batzordea osatzen duten bost zinegotziek gogorarazi dute herritarren erdiak baino gehiagok eta herriko hainbat elkarte eta taldek sinadura bitartez eskatu zutela galdeketa egiteko, eta berretsi horrelako eragina izango duen azpiegitura batek eskatzen duela herritarrei galdetzea.

 

Azken osoko bilkuran, gobernuko kideek epaiketaren kontrako mozioa aurkeztu zioten udalbatzari. Fiskalak 1.800 euroko isuna eta bederatzi urterako inhabilitazioa eskatzen du Agirrerentzat. Mozioak, berriz, akusazioa eta zigor eskaera erretiratzeko eskatzen zion fiskaltzari, prozedura judiziala erabat bidegabea izateagatik. Mozioa aurrera atera zen, baina bultzatzaileen babesarekin bakarrik. EAJko eta EAko zinegotziak abstenitu egin ziren. Hau lotsagarri jo dute gobernuko kideek; Asier Agirre alkateak adierazi du bera herritar denen ordezkari dela, baita oposizioko kideena ere, eta abstentzioarekin alkatearekin zer gertatuko den inporta ez zaiela erakusten dutela egotzi die EAJ eta EAri.

EAJ

EAJren Aramaioko Uriburu Batzarrak ere eman gura izan du gaiaren gaineko iritzia. Adierazi dute eurak ere kontsulta egitearen alde zeudela, eta aurreko agintaldian alkatetza euren esku zegoela planteatu zutela galdeketa egitea. Baina Espainiako Gobernuaren ordezkaritzak galdeketa legez kanpokoa zatekeela esatean, eta izan zitzakeen ondorioak aztertuta, galdeketa ez egitea erabaki zutela. Horregatik kritika asko jaso zituztela eta orain mozioaren aurrean abstenitu izana euren garai bateko erabakiarekiko kontsekuente izateagatik dela adierazi du EAJk.

EA

Eusko Alkartasunak Aramaioko udalbatzan duen zinegotzi bakarrak ere, bere garaian, azaldu zuen abstenitu izanaren arrazoia. Andres Osinagak adierazi zuen Udal Gobernuak eta alkateak ez diola epaiketaren gaineko inolako informaziorik eman eta galdeketa egin zenean ere ez zutela bera kontuan izan.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak