Asier Agirre: "Erabaki politikoa izan da, herriaren hitzaren eta Euskal Herriaren kontrakoa"

Goiena 2010ko ira. 22a, 17:36

Zazpi urteko kargugabetzea eta epaiketaren kostua bere gain hartu beharra. Horixe da Asier Agirre Aramaioko alkatearen kontrako epaiketaren sententzia. 2007ko irailean AHTren inguruan herri galdeketa egiteagatik epaitu zuten apirilaren 14an eta orain dela egun batzuk jakinarazi diote sententzia.

Nahiz eta sententzia orain dela egun batzuk ezagutu, atzo jakinarazi zuen Asier Agirre alkateak epaiketaren emaitza. 2007ko irailaren bukaeran egin zen Aramaion herri galdeketa eta hori eragotzi ez izanagatik epaitu zuten Agirre 2010eko apirilaren 14an. Galdeketan 673 boto jaso zituzten, horietatik %97 AHTren aurkakoak.

Agirreren defentsak absoluzioa eskatu zuen, leporatzen zizkioten karguak Aramaioko alkatea epaitzeko nahikoa ez zirela argudiatuta. Fiskaltzak, ordea, sinesgaitzat jotzen zuen Agirrek debekuaren berri ez izatea, domeka horretarako hainbat komunikabidek horren gainean jardun zutenean.

Epaia ezagututa, erabakia politikoa, eta herriaren hitzaren eta Euskal Herriaren kontrakoa dela adierazi du Aramaioko alkateak. 

Asier Agirreren defentsak jarri du jada sententzia honen aurkako errekurtsoa eta hilabete batzuk pasa beharko dira sententzia irmoa zein den jakiteko. Errekurtsoa onartuko balitz, alkate postuarekin zer gertatuko den galdetuta, Agirrek adierazi du ez dakitela.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak