Asier Agirre alkatea epaitua izango da AHTren gaineko galdeketa egin izanagatik

Arritxu Barruso 2009ko mar. 31a, 16:00
Asier Agirrek atzo jaso zuen Gasteizko Epaitegitik jakinarazpena. Bertan azaltzen da Abiadura Handiko Trenaren gaineko galdeketa egitearren Estatuko Fiskaltzak ipinitako salaketak aurrera jarraitzen duela eta, beraz, epaitua izango dela.

2008ko apirilean Estatuko Fiskaltzak Aramaioko alkatearen aurkako salaketa ipini zuen. Fiskaltzaren arabera, 2007ko irailaren 28, 29 eta 30ean legez kanpoko galdeketa egin zuen horretarako udal baliabideak erabilita. Fiskaltzaren hitzetan, alkateak debekuari muzin egin eta inkesta egitea erabaki zuen; prebarikazioa, aginte judizialari desobedientzia eta ondasun publikoak bidegabe erabiltzea egotzi zizkion.

Hori horrela, Asier Agirrek Gasteizko Justizia Jauregian deklaratu behar izan zuen 2008ko apirilaren 21ean galdeketa egin zen garaian Udaleko idazkaria zen Txaro Saenz de Viterirekin batera.

Auziak aurrera jarraitzen du; horixe da Asier Agirrek Gasteizko Epaitegitik jaso duen azkenen berria. Jakinarazpen horretan zehazten da, bestetik, epaileak ez duela uste ondasun publikoak bidegabe erabili zirenik galdeketa egiteko, Fiskaltzak salatu moduan. Baina, prebarikazioa eta aginte judizialari desobeditu izana egozten dizkiote eta bi delitu horregatik izango da epaitua.

Fiskaltzak eta Asier Agirreren defentsak, orain, 10 egun dituzten euren argudioak azaldu eta zigorra finkatzeko. Hori egin ostean, Gasteizko Epaitegiak epaiketa eguna zehaztuko du.

Asier Agirrek gogor salatu du Fiskaltzaren salaketa eta epailearen erabakia: "Guztiok dakigu zein den prozesu judizial honen azken helburua. Nik kartzelara eroatea. Badakigu hautetsi independentistok traba egiten dugula udaletxeetan eta horixe da lortu nahi dutena, ni erditik kentzea", azaldu du Aramaioko alkateak. Gaineratu du arro sentitzen dela Abiadura Handiko Trenaren gaineko galdeketa egin izanaz eta adierazi du "herriak eskatutakoa" egin zuela.

 

 

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak