Artzain guztien ardi-esnea batzeko depositua erosi dute

Arritxu Barruso 2009ko ots. 13a, 10:31
Aramaioko artzainek ez dute Arrasatera joan beharko esnea eroatera; kamioia Aramaiora etorriko da depositutik esnea jasotzera. Depositua Sagarzaleen Elkarteak kultura etxe azpian daukan lokal batean ipini dute

Aramaion, gaur egun, sei artzain daude Idiazabal jatorri izeneko gazta egiteko Queserias Garaia enpresari ardi-esnea saltzen diotenak. Gutxi gorabehera, kalkulatzen da, urtean 35.000 litro esne inguru saltzen dizkiotela enpresa horri.


Esnea bidaltzeko, baina, nahikoa buruhauste izaten zituzten orain arte, eta ekonomikoki ere ez zen oso bideragarria. Kontua da artzain bakoitzak bakarka bidaltzen zuela esnea eta horrek eragin zuzena dauka esne litroaren prezioa.

Artzain bakoitzak urtean saldutako litro kopuruaren araberakoa izaten da prezioa. Urtean 8.000 litro baino gutxiago emanez gero prezioa bat izaten da, eta 8.000 litro baino gehiago bidaliz gero beste bat. Prezioek gorabeherak izaten dituzten arren, baliteke enpresari 8.000 litro baino gehiago salduz gero, litroa 20 edo 30 zentimo garestiago saldu ahal izatea. Aramaioko baserritarren elkarteak erosi duten deposituarekin, asmoa da aurrerantzean, artzain guztien esnea bertan bildu eta guztia batera saltzea. Hori horrela, litroa garestiago saltzeko aukera izango dute.

Horretaz gain, hemendik aurrera ez dute Arrasateraino joan beharrik izango. Orain arte esnea batzeko kamioia ez zen Aramaiora joaten eta Arrasatera eroan behar izaten zuten esnea. Orain kamioia bi egunetik behin Aramaiora etorriko da.
Aramaioko Baserritarren Elkarteak (Arbel) Aramaio Udalaren eta Eusko Jaurlaritzaren laguntza izan du depositua erosteko. Aramaioko Udalak azaldu du horrelako ekimenen helburua dela lehenengo sektorea berrindartzea: "Lehenengo sektoreak garrantzia handia dauka herri honetan eta ezin dugu alde batera utzi. Beti esan izan dugu sektorea sustatzeko gogor lan egingo dugula", azaldu du alkateak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak