Argindarraren kalitatea neurtzeko uhin bidezko sarea

Arritxu Barruso 2008ko mai. 28a, 15:20
Uhin bidezko sistema bati esker Aramaioko Udalak herriko argindarraren kalitatea neurtu dezake denbora errealean. Izan ere, Aramaion Gipuzkoatik, Iberdrola enpresatik, jasotzen dute argindarra eta Udala da banaketa egiten duena. Hori horrela, Udalarendako garrantzitsua da jakitea argindar hori ze kalitaterekin iristen zaien.

Puntuz puntukako uhinezko sistema ipini dute martxan. Udaletxean, kanposantuan, Azkoagan, Untzillan eta Geianon sare hori osatzen duten antenak ipini dituzte. Antena horiek sortzen duten kutsadura magnetikoa, baina, oso baxua da. Metro bateko distantziara mugikor batek sortu dezakeen kutsadura baino baxuagoa. Antena horiek dauden etxoletan, gainera, kamerak jarri dituzte. "Oso puntu delikatuak dira eta horietan informazioa manipulatuz gero kaltea handia izan daiteke" azaldu du Javier Arriolabengoa udaletxeko teknikariak.Udaletxean daukaten ordenagailu batetik ikusten dituzte irudiok, eta kalitatea ere bertatik neurtzen dute. Etorkizunean helburua da herritarrek Udalaren webgunean euren kontsumoa eta kalitatea ikusi ahal izatea.

Oraingoz uhin bidezko sare horretan argindarraren kalitatearen inguruko informazioa bakarrik jasotzen dute. Baina sistema honek aukera gehiago ematen ditu, etorkizunean oso interesgarriak izango direnak. "Udaletxearendako oso erabilgarria izan daiteke. Sare horretan informazio mota asko sartu daiteke. Esaterako, udalak bere deialdien berri eman ahal izango du etxez etxe sistema honi esker. Telebista kate bat sortuko litzateke, eta hor deialdiak ikusteko aukera izango luke erabiltzaileak pasahitz bat sartuta" adierazi du Arriolabengoak.

Aramaio argindarraren kalitatea neurtzeko uhin bidezko sistema bat  daukan Arabako lehenengo herria da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak