Arbel kooperatiba izatera pasako da laster

Arritxu Barruso 2009ko maiatzaren 7a

1979. urtean sortu zen Aramaioko Baserritarren Elkartea (Arbel) eta gaur egun, 88 bazkide ditu. Orain arte, eraldaketarako nekazaritza-sozietate moduan egin dute lan, baina, kooperatiba izatera pasako dira laster. Oraindik onartzeke dago erabakia, datorren batzar nagusian onartuko dute.

Jose Luis Lasaga Arbeleko presidentea da eta berak azaldu digu kooperatiba izateak ez duela aldaketarik ekarriko elkartearen lanean: "Gure funtzionamenduan ez du aldaketarik ekarriko. Erabaki honek diru-laguntzekin du zerikusia. Izan ere, konturatu gara kooperatiba izanda administrazioengandik laguntza gehiago jasotzen direla. Eusko Jaurlaritzak edo Diputazioak ateratzen dituen programa askotan puntu gehiago ematen dituzte kooperatiba izanez gero. Hori aprobetxatu behar dugula uste dugu".


Arbelen jarduera nagusia pentsua ekoiztea da. Okeletarako ganaduarendako pentsua egiten dute nagusiki, baina, ardiendako eta oiloendako ere egiten dute pentsua. Bere sorreratik, elkartearen helburu nagusia izan da kalitatezko pentsua ekoiztea eta prezio onean. Baserritarrei pentsua banaka erostea oso garesti ateratzen zaie-eta. 
Arriola auzorako bidean daukate pabilioia eta bertan bi pertsonek egiten dute lan. Pentsuaren banaketa ere eurak egiten dute zuzenean baserrietara. Horretarako, kamioi bat eta furgoneta bat daukate.

Baserritarrei laguntza

Arbelen beste helburu nagusia da baserritarrei bultzadatxo bat ematea. "Baserritarrei laguntzea da gure asmoa eta bereziki nekazaritzan hasi berriak direnei, gutxi batzuk badira ere. Makinak elkarrekin erosteak, adibidez, asko lagundu dezake, oso garestiak dira-eta", azaldu du Arbeleko presidenteak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak