Aramaioren izena munduan zehar zabaldu izana eskertu diote Undari

Arritxu Barruso 2009ko abenduaren 20a

Maider Unda borrokalaria da eta beste behin erakutsi du gizonen eta emakumeen arteko berdintasunaren aldeko borrokan eredua dela. Aramaioko lehenengo alaba kutun bihurtu da gaur.

Goi mailako kirolaren munduan egin duen bezalaxe, oraingoan ere, gizonezkoak nagusi diren munduan bere tokia lortu du eta bere izena hizki handiz idatzi. Honen atzean bere betiko aldarrikapena: "Lana eginez gero eta gogor saiatuz gero, emakumeok ere lortu ditzakegu sariak".


Aramaioarrek eskerrak eman nahi izan dizkiote Undari Aramaioko izena mundu guztian zehar zabaldu izanagatik eta zorionak eman lortutako guztiagatik.

Sastiña ermitan ekitaldi xumea baina hunkigarria egin dute gaur. Aramaioko azken seme kutunak, Patxi Uribarrenek, izendatu du Unda alaba kutun; Uribarrenek borrokalariaren nortasuna eta indarra azpimarratu ditu. Asier Agirrek, berriz, euskal makila eman dio oroigarri moduan. Ekitaldia Aramaioko beste seme kutun baten emanaldiarekin amaitu da: Bixente Goikoetxea abesbatzaren kantuekin.

Sastiñaren inaugurazioa

Gaurko ekitaldiarekin Sastiña ermitaren aurpegi berri ezagutu ahal izan dugu. Konponketak egiteko urtebete pasatxoan itxita egon ostean, dotore geratu da. Udalak kulturaren elkargune bilakatu nahi du ermita. Sastiñara hurbiltzen direnek Emakume kirolariak izeneko erakusketaz gozatzeko aukera izango dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak