Aramaioko rallysprintean 65 pilotu

Xabier Urtzelai 2009ko irailaren 18a

Bihar, zapatua, egingo dute Aramaioko 8. Rallysprinta, eta 65 pilotuk eman dute izena. Parte-hartzeari dagokionez ez da errekorra, baina ez du asko behar, orain dela bi urte 68 pilotu izan zirelako. Antolatzaile lanetan dabiltzan Azpikoracing taldekoak pozik azaldu dira zenbatekoarekin: "Guretako kopuru handiegia ere bada, buruhauste gehiago, baina ez gara kexatuko beste urte batzuetan pilotuei etortzeko deika ibili gara-eta".

Bihar, 14:30ean errepidea itxiko dute antolatzaileek, eta 15:30ean hasiko dute rallysprinta. Hala, Arriola auzoan lanetan ibili badira ere, biharko amaituta egongo dira asfaltoko lanak, eta ibilbideak ez du aldaketarik izango. Labur esateko, Ibarratik irten eta Etxaguengo bidegurutzeraino aldapa gora, eta ondoren, Gantzarako bidea hartuta, azken kilometroak aldapa behera: "Nik aldapa beherako zatia atsegin dut gehiago, estuagoa delako. Halako tramuak gustatzen zaizkit niri, estuak eta kurba askorekin", adierazi du etxean bigarrenez korrituko duen Inhar Amenabar aramaioarrak (R5 GT Turbo). Kopilotu moduan Agurtzane Zubieta izango du Amenabarrek. Aramaiokoarekin batera, irteera puntuan izango da hitzordu horretan kale egiten ez duen Igor Ordobengoa (Seat Ibiza GT TDI); bihar, Javier Goikoetxea izango du kopilotu.

Iaz Gorka Apalantzaren Subarua izan zen azkarrena, baina bihar auto horrek beste gidari bat izango du, Ander Vilariño. Lasterketako izenematea ikusteko, hemen. Astelehenean, GOITBko Harmailatik saioan laburpen zabala izango duzue.

Elkarrizketa, irratian

Gaur (egubakoitza) Arrasate Irratiaren bitartez helarazi ditu xehetasunak Julen Agirrek, Rallysprinta antolatu duen Azpiko Racing taldeko kideak. Segidan duzue entzungai.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak