Aramaioko Rallysprinta: Vilariñotarrak lasterketara etorri ez izana ondo aprobetxatu zuen Zapirainek txapela janzteko

Xabier Urtzelai 2010ko ira. 13a, 11:56
Joan den urtean Aramaion –eta aurtengo Euskadiko rallysprint txapelketan– Ander Vilariñok eta haren Subaruak ez zuen kontrariorik izan. Eta bazirudien zapatuan gidoi bera errepikatuko zela, antolatzaileak lasterketara azalduko ez zela enteratu ziren arte –izena emanda zegoen. Antza, zapaturako Vilariñok saldua zuen autoa.

Egoera horren aurrean, garaipenerako bigarren hautagai Joseba Zapirainek (Peugeot 206 WRC) ez zuen kontrariorik izan. Lehenengo bi txandak topera egin zituen (04:07:07, eta 04:07:00) eta arriskatzen ibiltzeak zentzu handiegirik ez zuela ikusita, hirugarrenean hanka altxa zuen (04:12:00) eta txapela jantziko zuela ziurtatu. Guztira 22 segundoko aldea atera zion bigarren sailkatu Joxe Labakari (Mitsubishi EVO).

Lehia politak

Aurrealdean ibili zirenen artean, lehia polita izan zuten Iban Tarsiciok (Escort Cosworth), Aingeru Castrok (BMW M3) eta Txus Jaiok (BMW 320i). Ehunen batzuk gorabehera, hiru txanden ostean Tarsicio nagusitu zen: "Sekulako pikea izan dugu hirurok. Topera joan gara, geneukana emanda, eta azkenean hiruren artean neu geratu naiz azkenengo. Besteei zoriontzea baino ez dago", adierazi zigun aurten autoak aparteko arazorik eman ez dion Txus Jaiok: "Denboraldi polita egiten ari gara. Joan den astean Kantabrian rally zail samarra izan genuen, arazo batzuk izan genituelako, baina orokorrean gustura ari gara".

Pena, konpromiso bat tarteko Jaio ez dela datorren astean Gatzagan egongo, ezta zapatuko irabazle Zapirain ere: "Ez dut denborarik datorren astean Gatzagako igoera prestatzeko", adierazi zigun txapeldunak.

Arriskatzearen ondorioak

Askotan, euritan baino istripu gehiago egoten dira eguraldiak laguntzen duenean. Zorua bustita, iaz pilotuak kontuz ibili ziren. Zapatuan, berriz, zirkuituaren goialdeko bide bazterretan lurra altxata utzi zuten pilotu askok, trazatu azkarrena bilatu nahian.
Halaxe erretiratu ziren zortzi pilotu, kolperen bat hartuta –bakarra ere ez larria– edo arazo mekanikoren batekin. Eta, azken hori izan zen Oñatiko Aitor Arnaizen eta David Ardionsen kasua. Arnaiz hirugarren txandan erretiratu zen, eta Ardionsek lasterketa amaitu bazuen ere, arazoak izan zituen azken txandan, eta lehenengo bi txandatan egindako denbora bikoiztuta, sailkapeneko atzealdera joan zen.

Datorren zapatuan Gatzagan

Aramaioko rallysprintari Leintz Gatzagak hartuko dio errelebua, datorren zapatuan, hilak 18. Antolatzaileen asmoa zen hasiera batean irteera Castañares auzoan jartzea, baina hortik eta Maulandaraino errepide zatia ez dago egoera onean, eta horrenbestez Maulandan gora hasiko dute proba. 

Lasterketako Sailkapena

Joseba Zapirain    00:12:26   
Joxe Labaka    00:12:49   
Luciano Arrabal    00:12:51   
Ruben Garcia    00:13:03   
Rafa Ateka    00:13:04   
Iban Tarsicio    00:13:08   
Aingeru Castro    00:13:08
Txus jaio    00:13:08
Iker Gayoso    00:13:17
Patxi Hoyos    00:13:24
Lebeiti    00:13:25
Jesus Perez    00:13:29
Rafa Diaz    00:13:31
Ramon Irigoien    00:13:31
Eneko Zelaieta    00:13:32
Ekaitz Ugalde    00:13:39
Igor Izagirre    00:13:30
Iñigo Izuzkitza    00:13:14
Imanol Ozkoz    00:13:53
Inhar Amenabar    00:13:53
Jon Arregi    00:13:56
Kike Perez    00:13:57
Andoni Blas    00:14:01
Urtzi Oteiza    00:14:06
Maikel Iriarte    00:14:09
Jokin Aiertza    00:14:10
Enrique Gomez    00:14:10
Iñigo Etxarte    00:14:12
Ugaitz Basaras    00:14:19
Markos Landa    00:14:23
Eñaut Iturriaga    00:14:29
Lorenzo Gaminde    00:14:33
Xabier Agirre    00:14:35
David Salcines    00:14:37
Jon Zalloetxe.    00:14:40
Iker Martinez    00:14:48
Felix Martikorena    00:15:04
Urki Peñalba    00:15:19
Iban Ibarreta    00:15:27
Asier Larrañaga     00:15:47
Aaron Robles    00:15:53
Koldo Santiso    00:17:00
David Ardions    00:18:03
Jose Miguel Corres    00:19:51

*Gainontzeko zortzi pilotuak erretiratu egin ziren.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak