Aramaioko Euskararen Erabilera Plana aurkeztu dute

Txomin Madina Milikua 2008ko uzt. 24a, 16:00
Emun kooperatibarekin elkarlanean garatu du plana udalak, eta asmoa da, azken neurketetan behera egin duen euskararen kale erabilera indartzea.

Udal gobernu berria udaletxera heldu zenetik, bertako kideak kezkatuta azaldu dira herrian euskarak bizi duen egoerarekin. Izan ere, azken kale neurketen arabera, behera egin du euskararen kale erabilerak Aramaion.

Horren aurrean, neurriak hartzeko asmoz Emun kooperatibarekin elkarlanean Euskara Plan bat garatzen ibili dira azken hilabeteotan. Hala, apirilaz geroztik lau bilera egin dituzte, herriko hainbat elkarte eta kolektibotako kideekin, besteak beste gazteekin, adinekoekin eta kirol eta kultur elkarteetakoekin. Behin bilera hauetako ondorioak jasota eta aztertuta, aurrera begira hainbat ekimen bultzatuko dituzte.

Martin Arriolabengoa euskara zinegotziak azaldu duenez, gustura daude herritarrekin egindako bilerekin, batez ere  jendearen partehartzearekin. Esparru ezberdinak landu dituzte: gazteak, eskolak, haurrak, kirol eta kultur elkarteak, adinekoak, merkataritza… Esparru bakoitzean euskararen presentzia bultzatzeko egin beharreko ekimenak ere zehaztu dituzte, kasu bakoitzeko berezitasunak kontutan hartuz. Hala, merkatarien kasuan esaterako, lehen hitza euskaraz izatea bultzatu nahi dute.

Hainbat herritan, gazte eta haurren artean euskararen erabileraren egoera izan ohi da kezka gehien sortzen duena, baina Arriolabengoak adierazi duenez, Aramaioren kasuan egoera kezkagarriena, 40 eta 50 urteren bueltan dagoen jendearen artean dago. Esan du era berean, udaletxean euskararen alde aurrerapauso handiak egin diren arren, eta herrian kontzientzia dagoen arren, akaso kaleari kasu gutxi egin izan zaiola.

Aurrera begira, Euskara Planaren ekimenetako bat da euskara batzorde berezi bat sortzea, hilabetean behin bilduko dena eta alor ezberdinei buruzko erabakiak hartuko dituena

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak