Aramaioko bertsolariak nagusi kanporaketa fasean

Maider Arregi 2010ko ots. 21a, 12:19
Arabako koadrilen arteko lehen bertso txapelketa hasi da eta Aramaiok ez du hutsik egin. Hasieratik da faboritoa Elosurekin batera, eta maila bikaina erakutsi zuen barikuan egindako Zuia-Gorbeialde ligako lehen bertso kanporaketan. Beteranoek, sortu berri den Izarrako bertso eskolaren aurka neurtu zituzten indarrak.

Umorea eta txantxa nagusi, ederto moldatu ziren bai Manex Agirre moduko eskarmentudun bertsolariak, eta baita ere, Unai Gomez bezalako bertsolari hasiberriak ere. Marixeka elkartea topera, 50 lagun inguru elkartu ziren bertsolari, antolatzaile eta zaleen artean.

 

Bertso Sorta Kolektiboa

Etxeko taldeak, prestatutako afariaren ostean, Bertso Sorta Kolektiboen lehiaketarekin hasi zuten gaua. Herri bakoitzeko taldeek bertso idatzia egin eta bertso sortak jendaurrean abestu zituzten. Lehiaketa hau taldekako bat-bateko bertso txapelketarekin paraleloan ospatzen da. Bakoitzak bere herria zeukan gaitzat eta bertso politak entzun ahal izan ziren. Aramaioren kasuan, gorriz jantzita, trikitia, panderoa eta kaxoiaren soinuarekin lagunduta, 15 lagun aritu ziren kantuan. Izarrako taldean, beltzez jantzita, hiru lagun aritu ziren ederto asko bere herriaren berri ematen. Epaimahaiak, baina, Aramaiori eman zion finalerdietarako pasea.

Bat-bateko txapelketa

Bertso sortaren ostena, bat-bateko txapelketaren  txanda izan zen. Etxeko taldean Manex Agirre, Andere Arriolabengoa, Iker Agirre eta Xabier Igoa aritu ziren kantuan, eta Idoia Beitia gai jartzen. Kanpoko taldean, berriz, Zigor Enbeita, Alberto Martinez eta Unai Gomez aritu ziren bertsotan. Saio polita eta bertsolariak gustura. Izarrakoa, bertso eskola berria izan arren, maila polita erakutsi zuen. Manex Agirre ere pozik egindako lanaz: "Giro ederrean, bestelako sentsazioak izan ditugu. Taldean oso ondo moldatu gara; bakarkakoaz ez dauka zerikusirik". Esan, Bat-batekoan ere, Aramaio nagusitu zela.

Hala ere, sekulako saioa egin zuten bi taldeek. "Izarrako Unai Gomezek lehen aldiz kantatu du jendaurrean eta sekulako ausardia eta meritua erakutsi du. Saio txukuna egin du eta txalo zaparrada ederrak jaso ditu" nabarmendu du Agirrek. Izan ere, Asier Lafuente antolatzaileak, gaineratu digu, koadrilen arteko txapelketaren helburu garrantzitsuenetariko bat Gomezen moduko gazteak animatzea dela."Bertso zaletasuna hedatzea eta bertsolari berriak sortzea da asmoa taldearen babesak lagunduta".

Agurra, polita

Baina zalantza gabe, jendearekin gehien kontaktatu zutenak Xabi Igoa eta Manex Agirre aramaioarrak izan ziren. Aramaio faboritoen artean dago liga honetan. Bertsolariak eskarmentu handidunak dira-eta. Izarrakoek abestu zioten bezala zezen handiak zarete baina gu toreatzera etorri gara. Umorea eta txantxa giroan Izarrakoak fin aritu ziren. Aramaioarrek agurrean, aldiz, Elosukoak zirikatu zituzten Elosukoak ere faborito dira-eta. Agurrean esan zuten moduan erne! ze, hurrengoan zuek irabaztera goaz

. Elosuko txokoan neurtuko dituzte indarrak martxoaren 6an. Aramaiok irabaziz gero, final erdirako sailkapena eskuratuko du.

 

Txapelketaren Helburuak

Arabako Bertsolari Txapelketa garai ezberdinetatik pasa da eta azken zortzi urtetan goraka egin du entzule eta bertsolari aldetik. "Aldaketa behar genuen eta bi urtean behin egingo dugu txapelketa; tartean, txapelketa herrikoiak bultzatuko ditugu. Arabako Bertso Txapelketarako formazioa izan daitezke", azaldu digu Asier Lafuente antolatzaileak.

 "Bertso koadrila ezberdinetan auzo lana sustatzea eta bertso-zaletasuna sortzea da asmoa". Baina, gai-jartzaileak eta epaile berriak ere sortu nahi direla gaineratu digu. "Bederatzi epaile gehiago sortu dira herriko txapelketari esker". Arabako Txapelketarako prestatzea ere bada asmoa.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak