Maiteder Sasietak bidalitako kronika:
"Gaur, maiatzaren 8an, Gasteizko Landatxo pilotalekuak Arabako
bertsolaritzaren festa handietako bat jaso du: Kuadrila arteko txapelketaren
finala. Agurretan entzun ahal izan den moduan, Arabako BEC bihurtu da
Landatxo pilotalekua. Kalejira, herri bazkari eta dantzaldi baten ondoren igo
dira bapateko saioan lehiatu beharreko bi taldeak, nor baino nor euren
herria defendatzen: Kakiturri-Ehari Gasteiztik eta Aramaioko taldea.
Gasteiztik Rikardo Gonzalez de Durana, Gaizka Urtaran, Juan Mari Juaristi,
Asier Otamendi eta Felipe Zelaieta. Aramaiotik Andere Arriolabengoa,
Manex Agirre, Xabi Igoa eta Iker Agirre.
Giroa ezin beroago zegoen saioa hasterako. Saioaren aurretik herri bazkaria
ospatu da Landatxo pilotalekuan. Ehunka lagun elkartu dira bertan
bertsolariei euren animoak eman eta giroa alaitzera. Bertsoei ekin aurretik
txapelketa guztian zehar entzun ahal izan dugun sintonia entzun ahal izan
dugu zuzenean, lautadako talde batek eginikoa.
Bapateko saioan hau izan da bertsolariek egin beharreko lana Idoia Beitia
gai emailearen esanetan: Taldeko batek beste taldeko batekin ofizioka
zortziko nagusian hiruna bertso, taldeko batek beste taldeko batekin
ofizioka zortziko txikian hiruna bertso, taldeko batek beste taldeko batekin
ofizioka zortziko txikian hiruna bertso, taldeko batek beste taldeko batekin
ofizioka seiko motzean hiruna bertso, hiruna punturi erantzun zortziko
txikian, gaia emanda bi k hiruna kopla, talde bakoitzak (taldekide guztiek
kantatu) segidillan 4 minutu gartzelako lan moduan.
Baina txapelketa honetan ohikoa bihurtu den moduan, saioari ezin hasiera
eman bapatekoarekin paraleloan jokatu den bertso jarrien txapelketako
finalistak entzun aurretik. Hiru talde izan dira lehian: Aramaioko taldea,
Martin Ttipia eta Aldapazaleak, azken bi hauek Gasteiztik. Araba gaitzat
harturik bertso sorta ederrak entzun ahal izan dira. Musikaz lagundurik
ederki berotu dute eguraldiak hoztutako giroa eta bor-bor utzi dute
bapateko saioa hasterako.
Lan bikaina egin dute bertso sorten txapelketan parte hartu duten
arabar guztiek. Eta gaurkoen ere ez dute hutsik egin. Antzerkia,
erreibindikazioa, dantza… denetarik ikusi ahal izan da bertan. Baina
txapeldun bakarra aukeratu behar, eta aurtengo txapelketa Martin Ttipia
taldeak irabazi duela erabaki da.
Bapateko saioari ekin diote bertsolariek ondoren. Ofizioko saioak
nahiko makal joan dira. Egon da ale on bat edo beste, baina bertsolariek ez
dute behar bezala elkar hartzen jakin eta saioak flojo xamarrak atera dira.
Bakarkako saioetan hasi gara bertso dotoreak entzuten. Asier Otamendi
beteranoak ederki erantzun die Beitia gai emaileak jarririko puntuei.
Gaztetxearen inguruko hiru puntuei erantzutean bertso politak entzun ahal
izan ditugu. Horren ondoren honakoa bota dio Beitiak: zure alaba argazkiz
bakarrik ezagutzen duzu. Alaba jaio berria duen preso baten azalean sartu
da bertsolaria, eta ederki asmatu du bere papera aurrera eramaten. Manexi
ordea honako hau bota dio bakarkako lanerako: gaurko egunean urtero
bezala loreak eraman dizkiozu. Txalo zaparrada ederrak jaso ditu
aramaioarrak minbiziz hildako neskalagunari botatako bertsoak bota
ondoren. Gartzelako lana berezia izan da. Segidillan abestu behar izan
duten bertsolariek eta giroa bero-bero jarri dute txaloka animatu
dituztelarik entzuleek bertsolariak. Aramaioarrak gustura aritu dira,
gasteiztarrak baino hobeto sartu dira gaian eta entzulegoa bereganatzen
ere hobeto jakin dute. Gasteizko Alde Zaharrean pasian dabiltzan jubilatuen
paperean sartu behar izan dira, eta bapatean Landatxo pilotalekuko festa
handia aurkitu dutenak. Paperean bikain sartu eta arratsaldeko saiorik
politenetako bat osatu ahal izan dute.
Saio puntuagarriarekin amaitu ostean sari banaketari ekin diote. Bertso
sorta kolektiboen lehenengo txapelketa Martin Ttipia taldeak irabazi du.
Bapateko txapela berriz aramaioarrentzat izan da, zaleen txalo zaparrada,
txistu eta oihuen artean jaso dutena. Arabako zortzigarren kuadrillaren
izenean bi Trebiñutarrek jarri diete merezitako txapela.
Honenbestez gaur eman zaio amaiera 2010eko Kuadrilla arteko
Bertsolari Txapelketari. Datorren urtean gehiago eta hobeto (ahal bada)."