Aramaio Zainduzek salatu du Bolinburuko errekatxoa hondatu dutela

Mirian Biteri 2008ko urr. 9a, 18:43
Aramaio Zainduz elkarteko herritarrek Abiadura Handiko Trena eraikitzeko lanak salatu dituzte Uraren Euskal Agentziaren aurrean, Bolinburu izeneko errekatxoa hondatu dutelako. Horrekin batera, hasierako proiektuan aldaketak egon badira ere, ingurumen-inpaktuaren gaineko azterketa berririk ez dutela egin esan du.

Prentsa ohar batean azaldu dutenez, Bolinburuko errekatxoa Euskal Autonomia Erkidegoko Ibaiertzak eta Errekaertzak Antolatzeko Zatikako Lurralde Planaren barruan dago eta beraz, debekatuta dago horretan aldaketak eragiten dituen lanak egitea. Planaren arabera, azpiegiturak eraiki arren, ingurunea mantendu behar da, azterketa zehatz batek kontrakoa ez badu esaten.

Herritarren esanetan, ADIF enpresak uko egin dio Eskoriatza-Aramaio eta Aramaio-Arrasate tarteetan ingurumen-inpaktu azterketa egiteari. Horren harira, gogorarazi dute orain lanean diharduten tokiaren gaineko proiektuak aldaketa sakonak jasan dituela eta beraz, hasieran egindako azterketak ez duela balio.

Lanak dauden tokian azterketa zehatzik ez denez egin, errekatxoaren egoera ezagutzea ezinezkoa izan dela eta hori ez dela legezkoa arbuiatu dute Aramaio Zainduz taldekoek.

Trenak aurreratzeko eta gelditzeko gunea

Herritarren salaketak ez dira hor amaitzen. Barajuen, Azkoaga, Zabola eta Untzilla auzoetan, proiektuak hasieran trenak aurreratzeko gunea egitea aurreikusten zuela aipatu du. Hasierako aurreikuspen horiek aldatu dira eta gaur egun, trenak aurreratzeko eta gelditzeko gunea eraiki gura dutela gogora ekarri du elkarteak.

Horrek ibilbidearen aldaketa eragin du. Hasiera baten, trenak landa inguruneko 200 metro lur-azpitik egin behar zituen; orain, berriz, etxebizitzak dauden tokitik igaro behar da trena 250 metrotan. Kontuan hartu behar da, horren harira, debekatuta dagoela trenak aurreratzeko eta gelditzeko gunea lur-azpian egitea, horrek dakartzan ondorioekin.

Egoera horren aurrean, ingurumen-inpaktuaren gaineko azterketa eskatu diote ADIF enpresari eta ezetza jaso dute erantzun moduan.

Informazio falta

Aramaioko herritarrak haserre eta arduratuta daude. Azpiegitura horren gainean dagoen "informazio falta izugarria" salatu dute beste behin. Ohartarazi dute, baina, ez direla geldi geratuko eta, orain arte egin duten moduan, arauzko bideak erabiltzen jarraituko dutela lanek Aramaioko balore naturala ahal den neurrian errespeta dezaten lortzeko. Horrekin batera, herritarren eskubideak berma daitezen ere gura dute.

Aramaio Zainduz elkartea

Jakina denez, Eskoriatza-Aramaio eta Aramaio-Arrasate tarteetan Abiadura Handiko Trena azpiegituraren eraikuntzak ekar ditzakeen kalteen aurrean, udalerriko habita zaintzeko asmoz sortu da Aramaio Zainduz elkartea. Helburu nagusia da ingurunea eta inguruko herritarrak errespeta ditzatela. Esan bezala, herritarrez osatuta dago.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak