Zenbait azterketak egin ostean honakoa eskatu diete bi erakundeek lanak egiten dabilen Amenabar enpresari: itxita zegoen zabortegiko lurrak mugitzean zabaldutako zaborra zabortegi batera eroatea eta lurren kutsadura mailaren azterketa bat egitea.
Elkarteko kideak pozik azaldu dira erabakiarekin: "Pozik gaude. Dena dela, lortu duguna ez dago gure helburu nagusiarekin lotuta. Gure helburua da ingurugiro inpaktuaren azterketa bat egitea gure auzoan trenak izango duen inpaktua txikitzeko. Baina, bigarren helburua da lanak gertutik aztertzea eta jarraitzea eta uste dugu hori lortzen ari garela", azaldu du Jesus Arregik.
Adif enpresari eskatu zioten ingurugiro inpaktuaren azterketa egiteko, baina, oraindik ez dute erantzunik jaso: "Gutun bat bidali ziguten esanez gure eskaria jaso zutela. Hiru hilabeteren barruan erantzuten ez badigute ezezkotzat hartzen da zuzenean erantzuna. Otsailaren erdialdera bukatzen da epea eta ez gara oso baikorrak", dio Arregik.
Diru laguntzak
Aramaio Zainduz elkarteak azaldu du egiten ari diren lana oso garestia dela. Pasa den urtean 14.000 euro gastatu zituzten tramite guztiak egiten; horietatik 8.000 euro kuota bidez batu zituzten eta diru gehiago lortzeko ekintzak egin zituzten arren zorretan daude oraindik. Udalak 1.500 euroko laguntza eman zien.
Udalaren laguntza eskatzen dute, uste dutelako egiten ari diren lana neurri batean Udalaren ardura ere badela: "Badakigu Udala oso lanpetuta dagoela Plan Orokorrarekin, esaterako, eta gu prest gaude lanak gertutik jarraitzeko ardurarekin jarraitzeko. Baina pasa den urtekoa baino laguntza handiago behar dugu. Gainera, egiten ari garen lana Aramaio guztirako da", azaldu du Arregik.