Baina aramaioar gehiago ere izango da txapelketan. Lierni Altuna eta Idoia Beitia aurkezle lanetan ibiliko dira, eta gaiak jartzen. Gainera, gai-jartzaileen taldean beste aramaioar batzuk ere badira. Bestetik, txapelketako logotipoa ere aramaioar batek egin du, Naia Velezek, hain zuzen ere. Aramaio, beraz, txapelketaren parte handi bat izango da aurten.
Egitaraua
Bihar 23an jokatuko dute lehenengo kanporaketa; Laudion izango da hori. Beste biak Lantziegon eta Agurainen egingo dituzte, otsailaren 29an eta martxoaren 1ean, hurrenez hurren. Finalaurrekoetako bat Gopegin egingo dute, martxoaren 9an, eta bigarrena Aramaion izango da, martxoaren 16an. Final handia, berriz, Gasteizen jokatuko da apirilaren 5ean, Printzipal antzokian, 17:00etan hasita.
Kanporaketetara pasako dira sailkapen faseko lehenengo sei sailkatuak eta iaz finalaurrekoetan izan ziren 12 bertsolariak; beraz, guztira, 18. Finalaurrekoetara, berriz, 12 pasatuko dira: egingo diren hiru kanporaketa faseetako lehenengoak eta beste bederatzi bertsolari, puntuazioaren arabera. Finalean sei izango dira guztira: finalaurreko bakoitzeko irabazlea, eta beste guztiak, puntuazio ordenaz.
Iker, Manex eta Andere
Andere Arriolabengoa Lantziegon jokatuko den bigarren kanporaketan izango da. Iker Agirre eta Manex Agirre, berriz, Agurainen egingo duten hirugarren kanporaketan egongo dira. Azken bi aramaioar horiei euren lagun Idoia Beitiak ipiniko dizkie gaiak. Lierni Altuna, berriz, Laudion egingo den lehenengo kanporaketan arituko da gaiak jartzen.
Epaimahaia, bestetik, Patxi Aizpurua, Xabier Ormaetxea, Ekaitz Elorriaga, Mirari Azula eta Felix Irazustabarrenak osatuko dute.
Saio horiek, aurreko urteko txapelketan bezala, afalostean egingo dira. Afaltzera joan nahi dutenek kanporaketa jokatuko den asteko eguaztena baino lehen eman beharko dute izena.
Txapelketaren nondik norako guztiak jarraitzeko aukera izango da aurten ere Interneten, www.bertsozale.com webgunearen bitartez.