Arabak gazteei udarako eskaintzen dizkien ekintzetan izena emateko epea zabaldu dute

Ubane Madera 2007ko martxoaren 19a

Arabako Foru Aldundiak, probintziako gazteei begira, lau egitasmo ipini ditu aukeran, aurtengo udan egiteko: udalekuak, bidaiak, ingeles udalekuak edo barnetegia aukera daitezke.

Udalekuak

1994 eta 2000. urte bitartean jaiotakoendako (biak barne), udalekuak antolatzen ditu. Hain zuzen ere, euskarazko edo espainolezko txandak daude, eta baita txanda elebidunak ere. Udako kolonia eta kanpamenduak sartzen dira eskaintza horren barruan.  

Gazte bidaiak

1989ko abuztuaren 1etik 1993ko abenduaren 31ra bitartean jaiotako gazteei begira, bidaiak antolatzen ditu Diputazioak. Aisialdi komunitario eta jolasgarria bultzatu nahi dute bidaia horien bitartez.

Ingeles udalekuak

Ingeles udalekuak aukera ditzakete, berriz, 1992-1994 urteen bitartean (biak barne) jaiotako gazteek. Ekimen horren helburua da bertan parte hartzen duten gazteek ingelesa eguneroko bizitzan erabiltzea. Hala, eskola orduak zein aisialdia lantzen dituzte, barnetegi batean. Eskatzen duten ingeles maila parte-hartzaileen ikas-mailakoa da. 

Barnetegiak

1993 eta 1997 urteen bitartean (biak barne) jaiotako gazteek uda barnetegiak ere badituzte aukeratzeko. Kasu horretan, ekimen horren helburua hau da: ikasturtea hasi baino lehenago eta udako etenaldiaren ostean, euskara erabiltzen eta ikasten berriro hasteko modua ematen dien jarduerak egitea. Barriako aterpetxean izaten dira barnetegi horiek.    

Izenemateak

Hiru aukeretako edozeinetan izena emateko epea zabalik dago martxoaren 22tik apirilaren 4ra bitartean. Hain zuzen ere, bi egun horietan 08:30etik 15:00etara joan beharko da Gasteizen Arabako Foru Aldundiak duen bulegora, Jesusen Zerbitzarien kaleko 5era, alegia. Martxoaren 28an eta apirilaren 4an, eguaztenak, arratsaldez ere onartuko dituzte izenemateak, 16:30etik 18:30era bitartean.

 
Bestalde, Diputazioaren bulegoetara jo beharrean, Internet bidez ere eman daiteke izena; www.alava.net/ifj webgunera jo besterik ez dago.

Erroldatze ziurtagiria

Aurkeztu beharreko dokumentazioari dagokionez, eskatzailearen erroldatze ziurtagiria, udaletxean eskatu beharrekoa, eraman behar da.

Internet bidez izena ematen duten gaztetxoek, berriz, geroago aurkeztu beharko dute ziurtagiri hori.

Argibide gehiago behar izanez gero, 945 18 19 95 telefonoan galde daiteke.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak