Apalantzak irabazi zuen Aramaioko VII. Rallysprinta

Julen Iriondo 2008ko ira. 22a, 18:48
Borobila. Horrelakoxea atera zen zapatuan Aramaioko Rallysprintaren VII. edizioa: kirol arloan inoizko parte-hartzerik onena, zaleen erantzuna bikaina, eguraldi ederra eta bidea egoera onean, lehia ikusgarria gidarien artean eta istripu gutxi batzuk bai baina min hartutakorik ez. Borobila.

Lehenengo txandatik geratu zen argi ze auto eta gidari izango ziren garaipenerako lehian, espero zitezkeenak. Are gehiago, amaieran ikusi zen lehenengo txandatik ikusi zitekeela zein izango zen azken sailkapena aurreneko postu horietan: izan ere, aurreneko bostek lehenengo txanda amaitu zuten postuetan amaitu zuten lasterketa ere. Ez zen aldaketarik egon, izan ere, lehenengo bost sailkatuak hurrenkera berean errepikatu ziren bigarren eta hirugarren txandetan ere.
Iazko irabazle Santi Artetxe izan zen lasterketa hasi zuena, bere Peugeot 307 WRC-arekin. Lau minutu eta zazpi segundo behar izan zituen 6,7 kilometroko bidea egiteko. Hortxe, beraz, aurreneko erreferentzia.

Baina laster ikusi zen Artetxek ez zuela erraz izango iazkoa errepikatzen. Haren ondotik atera ziren lehenengo hiru gidariek hobetu egin zuten denbora hura. Gorka Apalantzak (Subaru Impreza WRC) egin zuen onena (4:01), Joseba Zapirainek (Peugeot 206 WRC) bigarrena (4:03) eta Xabier Lujuak (Skoda Octavia WRC) hirugarrena (4:04). Iñaki Alberdik (Porsche 911 GT3) egin zuen bosgarren denbora onena. Eta horrela geratu zen dena.

Bigarren txandan Alberdik ez, beste gidari guztiek hobetu zuten denbora: Joseba Zapirainek lehenengoan baino ia bi segundo eta erdi gutxiago egin zituen, Gorka Apalantzaren lehenengo denboraren azpitik ipiniaz; baina Apalantzak lau segundo zuen ordurako berea hobetua. Honek, hirugarren txandan ere beste apur bat jaitsi zuen denbora, Zapirainek eta Lujuak, berriz, amore eman eta hanka altxa zuten apur bat.

Agur Errasti, kaixo Amenabar

Izen handi horien arteko lehiaz gain, beste osagai polit bat ere bazuen zapatuko lasterketak: Aramaioko gidarien arteko erreleboa, hain justu. Bost urtean lasterketetan ibili ostean, Haritz Errastik etxekoa izan zuen azkeneko proba: iaz toki berean izandako istripuaren ondotik, orduko aho gustu txarra kendu eta bere klasean bigarren eginda agurtu da Errasti. Baina honek badu ondorengoa: Inhar Amenabarrek zapatuan egin zuen lehenengo aldiz Aramaioko Rallysprinta, eta azken sailkapenean erdialdean amaitu zuen, zazpigarren (22tik) bere klasean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak