Andere Arriolabengoa ere Arabako Bertsolari Txapelketako finalera (kronika)

Jon Berezibar 2008ko mar. 17a, 12:51
Arabako Bertsolari Txapelketako bigarren finalerdia jokatu zen atzo Aramaion. Bete egin zen kultura etxea eta giro polita egon zen. Ruben Sanchez, Zigor Enbeita, Joan Mari Juaristi, Rikardo Gonzalez de Durana, Andere Arriolabengoa eta Iker Agirrek jardun zuten bertsotan, azken biak aramaioarrak. Lierni Altunak egin zituen gai jartzaile lanak; herritarra hori ere. Andere Arriolabengoak egin zuen saiorik onena: ondo eta seguru kantatu zuen. Finalerako txartela lortu du, beraz, Manex Agirrerekin batera; Zigor Enbeita, Asier Otamendi, Oihane Perea eta Iñaki Viñaspre izango dira beste lauak. Apirilaren 5ean jokatuko da finala, 17:00etan, Gasteizko Printzipalen. Jarraian duzue saioko kronika osoa, Bertsozale elkarteak egindakoa.

ARAMAIOKO FINALEAN ARAMAIOARRAK JAUN ETA JABE 

Bi orduko saio ederra osatu zuten Aramaioko kultur etxean lehiatu ziren bertsolariek. Atzo jokatu zen azken finalerdia eta 150 lagun inguru bildu ziren Aramaioko kultur etxean. Bertako Iker Agirre eta Andere Arriolabengoak lan bikaina egin zuten baita Rikardo Gonzalez de Durana, Juan Mari Juaristi, Zigor Enbeita eta Ruben Sanchezek ere. Urduritasuna alde batera utzita, bertso saio erregular eta borobila burutu zuten guztiek. 

Lierni Altuna gai jartzailearen esanetara, zortziko handian, zortziko txikian eta hamarreko txikian hiruna bertso osatu zituzten ofiziokako lanetan. Horietan aipagarriena lehenengo ariketan Iker Agirre eta Zigor Enbeitak egindako lana da: biek zuten bikote harremana hautsi berri dute. Zigor arnasberrituta dago baina Iker Agirre bakarrik sentitzen da. 

Zigor

baina nola egon zintezke zu

laguna gaur horren itsu

zure buruan kriston kristoa

bene benetan daukazu

horren triste ta horren bakarrik

bizi baldin bazara zu

etorri nirekin juergan eta

laster pasatuko zaizu 

Andere eta Ruben drogomenpekotasunaren bi aurpegi ezberdin izan dira aurrez aurre. Juan Mari Juaristi eta Rikardo gaztetxoen inguruan jarri ditu Liernik. 16 urteko gaztetxoak kondoia eskatu die eta eman ala ez, horren kinkan aritu dira kantuan. 

Zortziko txikiko ofizioan aramaioarrak sartu dira emandako roletan hoberen. Aiton amonak lehendabizikoz hegazkinera igotzeko puntuan jarri ditu Altunak. Andere hegazkinera igotzeko prest agertu da ausarki; Ikerrek ordea, ez zuen hain garbi: 

Andere

 

Uste nuen nuela

 

gizon  bat nik maisu

 

baina etxetik irten

 

kexu eta kexu

 

bagoaz eta kitto

 

kasu egidazu

 

mareorako pastillak

 

hartu al dituzu? 

 

Iker

 

zer zaigu guri orain

 

buruetan sartu

 

goitik behera jauzita

 

behar gara akatu

 

gure edadean hobeto

 

ez al da, barkatu,

 

ortu bat egin eta

 

letxugak landatu? 

Seietarako gutxi falta zela, hamarreko txikiari heldu dio finalaurreak.Rikardo eta Iker dietista baten itxarongelan egin dute topo. Rikardok kiloak sobera eta Ikerrek faltan. Zigor eta Ruben medikuak, aldiz, ospitaleko tabernan elkartu dira. Zigorrek eguna ahaztu nahi du eta Rubenek ospatu.  

Zigor

 

beraz zure argia

 

da nire iluna

 

ta nire tristezia

 

zure alaitasuna

 

bizitza honek al du

 

benetan zentzuna?

 

agur ta bihar arte

 

banoa laguna

 

ea mejoratzen den

 

biharko eguna. 

 

Ruben

 

tristurakin ez segi

 

zure jo takean

 

mejoratuko zaizu

 

halako batean

 

ta bihararte ez esan

 

hori dut kaltean

 

ume berriaz hemen

 

nago poz betean

 

ta enaiz itzuliko

 

hiru hilabetean! 

Puntu erantzunak aisa joan dira eta bakarkako lanak, bide beretsuetatik. "Takillatik gauza guztiak kutxa batean sartzen ari zara. Zure azken lan eguna duzu" entzun da gaijartzailearen ahotik. Eta denen artean, Juan Mari Juaristi izan da jubilazioaren gaia baztertu eta etorkinen egoerari so eginez, bakarkakoan nabarmendu dena. 

Aramaio txapeldun. 

Iker Agirrek dotore jardun duen arren, epaileek ez dute finalean sartu. Hala ere, aipatzekoa da bere etorria. Dotore eta zuzen aritu da ordea, Andere Arriolabengoa ere. Eta berak bete du lehenbiziko postua. Aretoan eskegitako hiru pankartek ere izango zuten zerikusia aramaioarren saioan. " Ahuntzak baño gorau igo biok, Pako!" eta " Andere eman egurra aker kuadrilla honi!" lemak aldean, goia jo dute. Andereren sorta hurrengoa: 

40 urte pasatu ditut

 

neronek lanean jada

 

sentitu ditut poza, negarra

 

eta askotan zirrara

 

nahiz ta bidean aurkitu diren

 

espero ez beste traba

 

kutxa betetzen ateratzen zait

 

gaur aurpegian algara

 

60ak bete ditut ta

 

jubilatzeko ordua da 

 

Dirua behar dugula eta

 

lana da horren baldintza

 

bizirauteko horixe baita

 

langileontzako giltza

 

jadanik esan diet kideei

 

penetan nik azken hitza

 

nahiz askorentzat jubilatzea

 

izaten den hain bortitza

 

oraintxe hasten baita benetan

 

zorioneko bizitza 

Txalo zaparradak ugari eta gazteak, gehienak. "Aupa Ruben!"en bat entzun da publikotik. Lehenengo sailkatu da,beraz,  310,5 punturekin andere arriolabengoa;308 punturekin Zigor Enbeita; 307 punturekin Juan Mari Juaristi; 304 punturekin Ruben Sanchez; 299,5 punturekin Iker Agirre eta 293,5 punturekin, azkenik, Rikardo Gonzalez de Durana. 

Puntuak puntu eta epaiak epai, erabakia dago zeinek kantatuko duen apirilaren 5ean Gasteizko Printzipal Antzokian jokatuko den finalean. Bertan lehiatuko dira txapela jantzi nahian, Manex Agirre, Andere Arriolabengoa, Asier Otamendi, Iñaki Viñaspre, Zigor Enbeita eta Oihane Perea. Arratsaldeko 17:00etan egingo da, eta sarrerak aldez aurretik lortzeko, Arabako Bertsozaleen Elkartean izango da aukera.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak