Aramaioko alkatearen aurkako epaiketa, sententziaren zain

Edu Mendibil 2010eko apirilaren 14a

2007ko irailean AHTren inguruan herri galdeketa egiteagatik epaitu dute gaur Asier Agirre Aramaioko alkatea. Luze joan da epaiketa; bost ordu eta erdi inguru eman dute abokatuek, lekukoek eta ikusleek epaitegian. Prebarikazioa eta desobedientzia leporatuta, bederatzi urteko inhabilitazioa eskatu du fiskalak Asier Agirrerentzat. Defentsak, aldiz, absoluzioa eskatu du. Epaiketa sententziaren zain geratu da.

Asier Agirreren kontrako epaiketak ikusmin dezente piztu du eta AHT Gelditu! Elkarlaneko kideez gain, besteak beste, Ino Galparsoro Arrasateko alkatea, Pedro Lasagabaster Eskoriatzakoa, Pedro Iturbe Antzuolako alkatea eta Enara Minguez Bergarako zinegotzia gerturatu dira Gasteizera, Asier Agirreri babesa erakustera. Xabier Zubizarreta Arrasateko alkate ohia ere ikusi dugu epaitegiaren kanpoaldean. Jarraian, 20 bat lagunek bakarrik izan dute epaiketa jarraitzeko aukera.

Gasteizeko Zigor Arloko 2. zenbakidun epaitegian 9:30ean hasi, eta arratsaldeko hirurak pasatxo amaitu da gaurko epaiketa. Asier Agirrez gain, Aramaioko Udaleko pare bat langilek, zenbait herritar eta hainbat auzo alkatek deklaratu dute. Lekuko denak defentsak eskatutakoak ziren. Azkenean, hainbat lekukoren testigantzari uko egin dio Iñigo Iruin defentsa abokatuak. 

Aipatutako AHTren gaineko galdeketa 2007ko irailaren 28tik 30era bitartean egin zuten Aramaion. Aurreko agintaldian, hainbat herritarrek galdeketa egitea eskatu zioten Udalari, baina Udalak atzera egin zuen orduan. 2007ko maiatzeko udal hauteskundeak irabazi ondoren, Agirrerengana zuzendu ziren hainbat herritar, galdeketaren gaiari berriro heltzeko eskatuz. 2007ko iraileko galdeketan 673 boto jaso zituzten, horietatik 654 AHTren aurkakoak izan zirelarik.

Gaur goizeko deklarazioen arabera, argi geratu da 2007ko iraileko galdeketa herritarrek beraiek sustatutakoa izan zela, auzo alkateak aukeratzeko bozketa aprobetxatuta. Asier Agirrek berak eta deklaratu duten auzo alkateek azpimarratu dutenez, Udalak ez zuen diruz edo baliabidez lagundu AHTren inguruko galdeketa. Bestalde, Asier Agirrek zera esan du Espainiako gobernuko ordezkari Paulino Luesmarengandik jasotako debekuaren gainean: astelehenean, behin galdeketa amaituta, izan zuela debeku horren berri, Luesmak bidalitako faxa orduan erakutsi zioten-eta. Luesmaren faxa irailaren 28an iritsi zen Aramaioko udaletxera, 19:50ean, eta ordurako ez zegoen udal langilerik udaletxean. Asier Agirrek esan duenez, urriaren 1ean, astelehenean, eman zioten udal langileek fax horren berri.

Fiskalak zalantzan jarri du Asier Agirrek esandakoa eta zera gaineratu du: sinesgaitza egiten zitzaiola Asier Agirrek debekuaren berri ez izatea, domekarako hainbat komunikabidek horren gainean jardun zuten-eta. Hain zuzen ere, Euskal Telebistak asteburu hartan emandako informazioa eta Asier Agirrek ETBri egindako adierazpenak erabili dituzte froga gisa. Fiskalaren arabera, Udalak inkesta egiteko akordioa hartu zuen eta, horrez gain, boto-kutxak utzi zituen bozketarako, boto zenbaketan hartu zuten parte udal ordezkariek eta, era berean, udaletxeko pleno aretoa ere utzi zuten bozketa egin ahal izateko. Herritarrek horrelakoak ohikoak direla deklaratu dute. Izan ere, aipatutako egunean Ibarrako hiru auzo alkateak ere aukeratzen zituzten eta aurretik ere pleno aretoan egin izan dute Ibarrako auzo alkateen bozketa. Horrelako bozketak nahiko modu informalean, errolda erabili barik egin izan dituztela esan dute auzo alkateek; "Azkenean, Aramaio moduko herri baten denok ezagutzen dugu elkar".

Esan bezala, fiskalak bederatzi urteko inhabilitazioa eskatu du Agirrerendako, prebarikazioa eta desobedientzia leporatuta.

Iñigo Iruin abokatuak, aldiz, absoluzioa eskatu du bere defendituarentzat. Iruinek zehaztu duenez, Udalak 2007ko irailaren 5ean onartu zuen mozio bat galdeketa egiteko baina orduan ez zuten zehaztu ez zelan, ez  noiz, ezta zeinek egin behar zuen ere. "Gauza bat da plataformaren nahia eta beste bat hemen epaitzen ari dena, Asier Agirreren jarduna hain justu", gaineratu du Iruinek. Prebarikazioan erortzeko lau baldintza bete behar direla eta auzi honetan bakarra betetzen dela (Agirre funtzionario publikoa izatea alegia) esan du Iruinek. Galdeketa herriaren eskaera izan zela ere esan du eta hori frogatzeko hor daude horren alde jasotako sinadurak (seiehundik gora) eta auzo alkateen eskaera, alkateari herri galdeketa egiteko eskatuz. "Aramaion egindakoa ez zen erreferendum bat izan (hortxe dago Auzitegi Konstituzionalak Ibarretxeren kontsulta gertatu zen ezkeroztik erreferendumaz ulertzen duena) eta hain zuzen ere Udaleko idazkariak esandakoari jarraituta, alkateak argi esan zion hari ez zuela erreferendumik egingo. Azkenik, Guardia Zibilaren txosten bat ere erabili du defentsak, urriaren 2an egindakoa; guardia zibilek ezin izan zuten frogatu Udalak irailaren 28an egindako galdeketerekin inongo loturarik izan zuenik.

Epaiketa sententziaren zain geratu da.

"Auzi politikoa" eta herritarrek "iritzia ematea eragotzi" gura duena

Ibarreko zenbait alkate, herritar eta AHTren kontrako plataformako kideen aurrean adierazpenak egin ditu Asier Agirrek gaur goizean Auzitegira sartu aurretik. Honako hau "auzi politikoa" dela salatu du Agirrek eta "herritarrei hitza ala iritzia emateko eskubidea kentzea" gogor kritikatu du. Alkateak uste du Abiadura Handiko Trenaren neurriko proiektu erraldoien aurrean eta bestelakoen aurrean ere herritarrek beraien iritzia emateko eskubidea izan beharko luketela. Era berean, ezker abertzaleko hautetsien aurka Justiziak erakutsitako jarrera salatu du Agirrek komunikabideen aurrean.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak