Alkatearen kontrako prozedura judiziala bertan behera uzteko eskatu du herritar talde batek

Txomin Madina Milikua 2010ko ots. 4a, 17:30
Datorren asteazkenean hasiko da Asier Agirre Aramaioko alkatearen kontrako epaiketa, eta epaiketa honen kontra sortutako herri ekimenak prozedura judiziala bertan behera uztea eskatu du. Elkarretaratzea ere deitu dute epaiketa bezperarako.

Aramaioko alkateak 9 urteko inhabilitazio edo gaitasungabetzeari eta 1.800 euroko zigor eskariari egin beharko dio aurre epaiketan 2007ko irailean AHTren kontrako herri galdeketa egitea ahalbideratzeagatik.
 
Herri ekimeneko kideek azaldu dutenez, fiskalak alkatearen aurka duen froga nagusia da galdeketa egin zen egunetako baten udaletxeko ateak ireki izana. Horren aurrean salatu dute epaitzeko arrazoi bakarra herritarren iritziari bidea ematea dela, eta aldarrikatu dute herritarren iritzia jakitea ez dela delitua.
 
Epaiketaren bezperarako, otsailaren 9rako, elkarretaratzea deitu dute herriko plazan 19:00etan eta bertan parte hartzeko deia egin diete herriko kultur elkarte, talde, norbanako eta erakundeei.
 
Zehaztu dute era berean herri ekimena ez dela AHTren aldeko edo kontrako ekimena, prozeduraren injustizia salatzeko ekimena baizik.

Debagoieneko udalen babesa 

Herri ekimen honetaz gain, Arrasate eta Elgetan kenduta, Debagoieneko gainerako udal guztietan epaiketa honen kontrako mozioak onartu dituzte. Arrasaten gaur egingo duten osoko bilkuran eztabaidatuko dute mozioa.
 
 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak