AHTren lanak Untzilla auzotik aurrera Cuatrovientos baserrirantz doaz

Arritxu Barruso 2009ko ira. 14a, 16:16

Debagoienean, Abiadura Handiko Trenaren lanak, Aramaion daude aurreratuen. Trena Eskoriatzatik iritsiko da Aramaiora, Zabola parean, eta Arrasatera joango da Cuatrovientos (Untzueta Gaina) baserriaren azpian tunelean sartuta; 5,1 kilometroko ibilbidea izango du eta horietan bi tunel eta biaduktu bat igaroko ditu trenak.

Aramaion pasa den urteko uztailean hasi zituzten Abiadura Handiko Trenaren lanak eta  Zabolako bizilagunak izan ziren lanok ikusten lehenak. Zabolatik, gero, Untzilla aldera iritsi ziren lanak. Untzillarako bidearen  ondoan kilometro erdiko biaduktua eraikiko dute;duela sei hilabete inguru hasi ziren biaduktuaren zutabeak eraikitzen. Zutabeok 40 metro inguru dituzte eta dagoeneko eraiki dituzte lehenengo zortziak. Biaduktuaren azkeneko zutabeak, Cuatrovientos baserriaren parean joango denak, 90 metro inguru izango ditu eta horixe da hurrengo jasoko dutena. Bada, Cuatrovientos baserriaren azpialdean dagoeneko hasi dira lurra mugitzen. Biaduktuaren zutabe eta zatirik konplikatuena izango da hori.

Trenaren lanak, beraz, Cuatrovientos baserrira iristen ari dira apurka-apurka. Beste norabideari dagokionean, Eskoriatzara doana, duela aste batzuk hasi ziren lehenengo leherketak egiten Zabola parean joango den tunela eraikitzeko. Esan daiteke trenak Aramaion izango duen ibilbidea agerian geratzen ari dela astetik astera. 

Udal Gobernua haserre

Udal Gobernuak adierazi du trenaren lanak egiten dabiltzan enpresek ez dituztela hitzartutako neurriak eta konpromisoak betetzen. Asier Agirre alkateak adierazi digu lanak egiten dabiltzan esparruaren inguruan dauden zenbait baserritan arazo asko eragiten dabiltzala. "Baserritar batzuek benetako arazoak izan dituzte baserrietara iristeko. Horrez gain, ez dute inolako hesirik ipintzen eta ganadua askotan lanetara sartzen da", dio alkateak. Alkateak gaineratu du kamioiak abiadura handian ibiltzen direla eta zenbait tokitan, errepidea estua izatean, istripuren bat gertatzeko arrisku handia dagoela.

Udal Gobernuaren beste kezka handia da trenaren lanak bukatzen dituztenean inguruak nolako utziko dituzten. "Trena eraikitzeko kalte handiak egiten ari dira toki askotan: pistak egin dituzte, lurrak mugitu, errepideak apurtu... Suposatzen da lanak bukatzen dituztenean ingurua txukundu egin behar dutela baina, egia esan, gure zalantzak ditugu", dio alkateak.

Aramaio erreka

Udal Gobernuak salatu du trenaren lanak egiten ari direnek Aramaio errekan, Untzillarako bidegurutzearen inguruan, presa txiki bat eraiki dutela bertan eta inolako baimen barik bertatik ura hartzen ari direla hodi horien erabilita. Alkateak salatu du Bolinburu errekan ere gauza bera egin zutela eta dagoeneko lehortuta dagoela. Bi erreka horietako arrainak desagertzeko arriskua dagoela gaineratu du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak