Atzo arratsaldeko lehen orduan, Abiadura Handiko Treanren Aurkako Asanbladako bi kide kateatu ziren Untzillan lanean ari diren hondeatzeko makinetako batera, eta Asanbladako beste hainbat kide ere bertaratu ziren Abiadura Handiko Trenaren kontra protesta egiteko. Hilario Manzanedo Asanbladako kideak azaldu zuenez, Adiministrazioak elkarrizketarako eta informatzeko erakutsi duen borondate faltaren ondorioz hartu dute horrelako ekintzak burutzeko erabakia. Manzanedok salatu zuen era berean, Aramaioko lanetan ez dituztela betetzen ingurugiroa ez kaltetzeko hartu beharreko neurriak, eta hala, inguruko erreken egoera azpimarratu zuen.
Bi kideak kateatuta zeudela, ertzainak bertaratu ziren. Bertan bilduta zegoen 20 kide inguruko taldea identifikatu zuten, eta kateatuta zeudenak askatzeko tresna egokirik ez zutenez, suhiltzaileei deitu zieten. Asanbladakoek esan zutenez, suhiltzaileek ez zuten gura izan protestan ari zirenei kateak mozterik, eta ondorioz, ertzainek suhiltzaileak ere identifikatu egin zituzten. Ertzaintzako iturriek baina, halakorik gertatu izan zenaren berririk ez dutela adierazi dute. Azkenean, era baketsuan bukatu zen protesta, suhiltzaileek kateatuen baimenarekin kateak moztu zituztenean.
Ekintza gehiago
Aurrera begira egingo dituzten protesten berri ere eman zuten. Hala, iragarri zuten azaroa amaieran Zaratamon (Bizkaia) egiten ari diren lanetara martxa egingo dutela, eta abenduaren 14an, Arabako lanetan egingo dituztela mobilizazioak