AHTren gaineko inkesta: herritarren %54ak eman du iritzia

Herritarren erdiak hartu du asteburuan inkestan parte; %97ak ezetz esan dio AHTri. Alkatearen esanetan, Udalera ez da iritsi inkesta bertan behera uztea agintzen duen instrukziorik.

"Ez dudana ulertzen da, zelan egon daitezkeen horrenbeste traba herritarrei gauza baten gaineko iritzia eskatzeko. Azkenean, herritarrek AHTren gainean ezin badute iritzirik eman, nork egingo du?". Hori da atzo Aramaioko alkate Asier Agirrek esandakoa.

Izan ere, Gasteizko auzitegiak egubakoitzean erabaki zuen Udalak herritarrei egin gura zien galdeketa ez baimentzea, baina Udalera ez da ezer iritsi. "Normaltasun osoz joan da asteburua, hona ez da inor etorri. Hainbat komunikabidetan azaldu da kontsulta egin gura izan dugula, baina hori ez da horrela. Guk egin duguna inkesta bat baino ez da, badakigu horrek ez duela inongo balio juridikorik, baina herritarren iritzia zen den jakin gura genuen, informazioa jaso, besterik ez".

Atzo iluntzean bertan egin zuten boto zenbaketa, herritarrek horrela eskatuta. 1.237 biztanle ditu Aramaiok eta 673 lagunek eman dute asteburuan botoa (%54ak). Jende kopuru horretatik, %97ak trenaren kontrako botoa eman zuen, eta 10 lagun azaldu ziren Abiadura Handiko Trenaren alde -bederatzi boto zuri zenbatu zituzten-.

Balorazio positiboa

Agirre gustura geratu da herritarren aurrean inkestak izan duen harrerarekin: "Parte-hartze polita izan dela uste dugu, jende askok eman du-eta botoa".

Komunikabide askoren deiak

Aramaioko alkateak lanak izan ditu asteburuan komunikabideei erantzuten. Hori ikusita, normaltasun egoeraren berri emateko prentsaurrekoa egin zuten atzo: "Estatu mailan ere atera da albistea, hori badakit. Eta oraindik ere ibiliko dira gain honekin bueltaka".

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.