AHTk ukituko dituen eremuak ikusteko mendi martxa, herri bazkaria eta kontzertuak egin zituzten zapatuan Aramaion.
Hiru orduko martxa
10:00etan hasi zuten mendi martxa herriko biribilgunetik. Azpiegitura erraldoi horren obrak egiten diharduten parajeak ikusi zituzten ibilaldian. Aramaiotik eta inguruko herrietatik, Arrasate eta Otxandio, adibidez, joandako 60 bat lagunek hartu zuten parte, Aramaioko gazte asanbladako eta AHT Gelditu! Elkarlaneko banderak aldean zituztela. Herritik Barajuen auzoko bidea hartu zuten ibiltariek eta dagoeneko eraikita dauden zutabeak ikusi zituzten han. Eskoriatzako Marin auzotik San Adrian azpitik Barajuenera heltzen den tuneleko obrak ikusik zituzten, hain zuzen ere. Ibilbide guztian zehar kanpotik ikusi zituzten Abiadura Handiko Trenaren lanak, obra barrura sartu barik.
Bazkaria eta kontzertuak
AHTk Aramaion izango duen eragin nagusia Barajuen auzoko Bolinburu baserriaren inguruan dago eta inguru horretan egin zuten ibilaldiaren geldiune luzeena.
Barajueneko elkarte gastronomikoan hamarretakoa egin ostean, herrirako bidea hartu zuten ibiltariek. Bazkal ordurako herri bazkaria zuten antolatuta herri eskolan. Mendi martxan parte hartu zutenez gain, beste hainbat herritar ere joan ziren hitzordu horretara; guztira 80 lagun elkartu ziren bazkaltzeko. 19:00etan kale agerraldia egin zuten plazan eta 20:00etan, Aramaioko Gorroto eta Alta Tensión taldeen kontzertua eta Oñatiko erromeria talde baten musika emanaldia hasi zen.
Apirilaren 14an epaiketa
Asier Agirre Aramaioko alkatea apirilaren 14an epaituko dute AHTren inguruko herri galdeketa egiteagatik eta horren harira kontzentrazioa deitu du Aramaioko gazte asanbladak. Epaiketa baino egun pare bat lehenago egingo dute kale agerraldi hori, herriko plazan.