Aramaioko Lasaga baserriko Roberto eta Jose Luis anaien kasua ez da bakarra. Alegazioak aurkezteko duten epea oso txikia dela salatzen dute eta informazio eza ikaragarria dela. "Hau ondo kalkulatuta dago", esan du Jose Luis Lasagak. "Niri ezin didate esan beste eperik ez dagoenik. Nahi izanez gero luzatu ere egin dezakete iraila edo urrira arte jendeak proiektua ondo begiratu eta alegazioak txukun aurkezteko aukera izan dezan. Galduta gabiltza. Ez dakigu alegazioak zelan aurkeztu ezta norengana jo laguntza eske".
Informazio eza salatzen dute
Aramaioko kaltetuak Udalarekin bildu dira. Auzoka ere batzarrak egiten ari dira elkarrekin indar gehiago metatuko dituztelakoan. Aramaioren kasuan, hilaren 15erako alegazioak idatziak, sinatuak eta aurkeztuak behar dute. Alegazioak idazteko, ordea, informazio edukitzea ezinbestekoa dela esaten dute. "Nik ikusi ditut plano batzuk. Gutxi gorabehera trenaren trazatua, zenbat lur kentzen dizkiguten eta horrelakoak agertzen dira. Baina hortik aurrera, ez dakigu ezer. Ez dakigu kamioiak nondik ibiliko diren, ez dakigu gure urekin zer gertatuko den, ez dakigu gure pistekin zer gertatuko den... Ez dakigu ezer. Ze alegazio aurkeztu behar dugu!", dio Lasagak.
Udalaren aholkularitza
Aramaioren kasuan, Udalak laguntza eskaini die kaltetuei eta aholkularitza zerbitzu bat kontratatu du alegazioei forma ematen laguntzeko. Kaltetuek banakako zein taldekako alegazioak aurkeztu nahi dituzte. "Auzoan, batzar bat egin genuen zapatuan auzo moduan alegazioren bat aurkezteko", azaldu du Lasagak. "Azkenean guk eta Aramaio osok sufrituko du tren hori". Kaltetuek alegazioak aurkezteko epea luzatzeko eskatzen dute behin eta berriz.