Eguazten arratsaldean egindako osoko bilkuran jakinarazi zuen Mertxe Mondragon Aramaioko alkateak jaso dutela udaletxean Abiadura Handiko Trenaren behin betiko proiektua. Informazio guztia aztertu gura dute orain, herritarrei helarazteko segidan. Horren harira, baina, alkateak jakinarazi du ez dutela lan samurra, informazioa 4 CD eta 2 DVDtan jaso dutelako eta eurak ez direlako gai hori behar bezala ulertzeko. Horregatik, atzoko saioan, udalbatzarrari proposatu zioten Gasteizko aholkularitza zerbitzu bat kontratatzea, eta hark onartu egin zuen.
Lau helbururekin kontratatuko dute:
- Jasotako dokumentaziotik informazio interesgarriena atera eta erakusketa osatzeko.
- Trenaren behin betiko ibilbidearen eragina aztertu (bideetan, argindar harietan eta iturrietan, kasu) eta kontrastatu, herrian benetan izango duen afekzioarekin. Ziurtatu nahi dute baita ere, erakundeek beteko dutela dokumentuetan diotena.
- Udalak jakin nahi du zeintzuk diren kaltetu guztiak, behin betikoak nahiz behin behinekoak. Kaltetuekin egoteko asmoa agertu du eta dituzten zalantzak argitzen laguntzekoa.
- Aholkularitza zerbitzua arduratuko litzateke lanen jarraipena egiteaz eta alegazioak aurkezteaz. Hain zuzen ere, laster irekiko dute alegazioak aurkezteko epea, eta bi hilabete izango dituzte horretarako.
Galdeketa
Bestalde, udal ordezkariek adierazi zuten apirilaren 3an erabakiko dutela trenaren gaineko herri galdeketa noiz egin: apirilaren 22an, maiatzaren 6an, edo maiatzaren 27an (udal hauteskunde egunean). Galdeketa antolatzeko taldeak hartuko du erabakia, baina trenarekin kezkatuta osoko bilkura jarraitu zuten herritar batzuk kexu agertu ziren, talde horretan EAk, EAJk eta AHTren kontrako taldeak bina ordezkari dituztela kontuan izanik, azken hauek aukera gutxiago dituztela esanez.