Abuztuaren 17an lehiatuko da Maider Unda Olinpiar Jokoetan

Xabier Urtzelai 2008ko uzt. 24a, 13:43
"Domina batekin egiten dut amets; ahal bada, urre kolorekoa". Hori da Maider Undak Olinpiar Jokoetarako duen helburua. Oletarrak, baina, ondo daki kontrario gogorrak izango dituela abuztuaren 17an egingo duten txapelketan. Egun batean egingo dituzte kanporaketa guztiak, eta baita finalak jokatu ere.

Abuztuaren 17an izango du Maider Undak (1976) bere kirol ibilbideko hitzordu nagusiena: Olinpiar Jokoetan egingo du debuta. Urteak daramatza horretarako entrenatzen, eta bidean hainbat marka egin ditu: 2001ean brontzezko domina irabazi zuen Mediterranear Jokoetan, eta iaz jokatutako Mundialean bosgarren izan zen –orduan lortu zuen Olinpiar Jokoetarako sailkapena–.

 

Egunotan azken entrenamendu saioak egiten dabil, baina ezin ditu alde batera utzi baserriko lanak. Abuztuaren 6an abiatuko da Txinara, eta irrikan dago inaugurazio ekitaldiko desfilean parte hartzeko. Gaurko Goienkarian

duzue hari egindako elkarrizketa, eta elkarrizketako zati bat ekarri dugu hona.

 

Ze helbururekin zoaz Pekinera?

 

Domina batekin itzultzea da nire ametsa.

 

Eta ze kolore du domina horrek?

 

Urre kolorea, ahal bada.

 

Ze gorputzalditan zaude Olinpiar Jokoetara begira?

 

Nik uste dut momentu onean nagoela. Aurten ez dut lesiorik izan, urte osoan zehar ondo entrenatu dut, eta Olinpiar Joko batzuk aurrean izanda, gogotsu nago.


Azal iezaguzu zelakoak izaten diren zuen txapelketak.

 

Borroka eguna baino egun bat lehenago egiten ditugu pisaketak (abuztuak 16), eta egun horretan egiten dituzte kontrarioak erabakitzeko zozketak. Zozketan zorte apur bat izatea oso garrantzitsua izango da, urduritasunak tarteko, lehenengo borroka zaila izaten delako. Ea hasieran kontrario gogorrenak ez zaizkidan tokatzen.

Gero, egun bakarrean egiten dugu txapelketa osoa. Borroka irabaziz gero, aurrera; bestela, kalera.

 

Eta ze iraupen dute borroka horiek?

 

Bi minutuko hiru tarte egiten ditugu borroka bakoitzean, eta aurrera egiteko tarte horietako bi irabazi behar dira. Bestela, kontrarioari tocado –bi sorbaldek zorua ukitzen dutenean– bat eginez gero, aurrera.

 

Apirilean, Europako Txapelketatik zapore gaziarekin itzuli zinen, 12. sailkatuta. Horrek motibatzeko balio izan dizu?

 

Ez dut uste horregatik gogorrago entrenatu dudanik, baina bai gogoz. Txapelketa txarra egin nuen, Suediako borrokalariak ondo hartu dit neurria, eta haren kontra ez naiz ondo moldatzen.

 

Txinatik bueltan, oporrak hartzeko asmoarekin?

 

Bai, borroka librean oporraldia hartuko dut, bi hilabete bai, behintzat. Baina, baserriko lanetan ez dut oporrik izango, izan ere, gurasoek merezi dituzte opor horiek.

 

Maider Undaren gaineko informazio gehiago, hemen

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak