Ohikoa den moduan, osoko bilkuran onartu ostean, jendaurrean ipini dute oraingo urteko aurrekontua, alegaziorik balego haiek hartzeko. Hain justu ere, Arabako buletinean argitaratuta dago, eta 15 egun horietan ezustekorik ez balego hurrengo osoko bilkuran behin betiko onartuko da aurrekontu proposamen hori.
Ogasunera gehien
Ogasun batzordera bideratu duten aurten partida handiena (603.807,96 euro). Hortxe kontabilizatzen dituzte Udaleko langile gehienen soldatak, udaletxearen asegurua eta Udalean erabiltzen duten materiala, adibidez.
Azken urteetan Zerbitzuen Sailera bideratu da diru gehien. Kontua da aurten erabaki dutela Udaletxeko langile guztien soldatak Ogasun batzordearen barruan sartzea. Horrek eragin du ogasunera bideratzea diru gehien eta Zerbitzu Batzordea bigarren postuan geratzea.
Kapituluka
Aurrekontua kapituluka aztertuz gero, inbertsioetarako erabiliko dituzte 329.626,39 euro eta dirulaguntzetarako, berriz, 165.962,32 euro. Alkate, zinegotzi eta udaletxeko langileen soldatetan ez da aldaketarik egon. Soldatak ordaintzeko 305.607,58 euro erabiliko dituzte.
Udalak, bestetik, orain dela urte batzuk kultura etxea eta Oletan lanak egiteko eskatutako mailegua ordaintzen jarraituko du. 61.226,52 euro gastatuko ditu horretan eta aurreikuste du datorren urterako mailegua erabat likidatzea.
Inbertsioak
Hirigintza batzordeari dagokionean garai bateko hiltegia zena birgaitzeko proiektura bideratuko dute diru gehien, 72.119,84 euro, hain zuzen ere. Bestetik herrian zenbait errepide eta bide konponduko dituzte, Gureia auzoan eta Ibarrako kaleetan, besteak beste. Auzo lanak egiteko, bestetik, 24.000 euroko inbertsioa egingo du Aramaioko Udalak.
Mendi batzordeak ere lan garrantzitsua egingo du Danborralden. Baso horretan egingo dituzten landaketetarako 94.111,16 euro erabiliko dituzte.