Beste hamar urte betetzeko moduko trikitilari harrobia dute Aramaion

Monika Belastegi Aranzabal 2006ko aza. 13a, 11:14
Ekitaldi asko egon dira aste bukaeran Aramaion: San Melixena jaiak Gantzaga auzoan, antzerki emanaldia eta Farola Eguna barikuan eta Trikitilari Eguna zapatuan. Azken horrek osagarri berezia izan du aurten; izan ere, herriko trikitilari eskolak hamar urte bete ditu, eta hori ere zapatuan ospatu zuten.

Zapatu arratsaldean hasi ziren Trikitilari Eguneko ekitaldiak, Trikitixa Taldekoek egindako kalejirarekin. Horren ondotik, 18:00ak aldera, erromeria egin zuten plazan. Erromeria berezia izan zen, gainera: eskolaren 10. urtemuga ospatzeko Xabier Aranburu eta Rakel Pujana trikitilariak gonbidatu zituzten eta hantxe jardun zuen bikoteak, udaletxeko arkupean, aramaioarren oinak dantzan jartzeko lan handirik gabe. Erromeriarekin batera, eta Trikitilari Eguneko ohiturari jarraituz, buzkantza eta txorizoa banatu zuten arkupeetan jarritako txosnan. Hala, erromeria batetik, eta txosna bestetik, jende multzo polita batu zen Bizente Goikoetxea plazan. Horrekin batera, azken egunetan saltzen jardundako errifen zenbaki sarituak atera zituzten. Hala, baserri turismoan aste bukaera pasatzeko hiru zenbaki sarituak hauek dira: 4246, 2971 eta 4345.

Hamar urtez trikitia irakasten

Herrian zegoen zaletasunaren haritik sortu zuten duela hamar urte trikiti eskola Aramaion. Hainbat herritarrek trikitia eta soinua ikasteko interesa erakutsi zuten eta Udalak bultzatu egin zuen ekimena. Hain zuzen ere, garai hartan Arrasaten eskolak ematen zituzten Gurutze eta Josune Uribarren hartu zituzten irakasle.

Eskolaren arduradunen esanetan, duela hamar urte ikasleak nagusiagoak baziren ere, gaur egun gazteagoak dira, nolabait trikitia ikastea eskolaz kanpoko jardun bihurtu da-eta. Gazte edo nagusiago, ikasturte berrian 32 ikaslek dihardute Aramaioko Trikiti Eskolan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak