AHTren aurkako 657 sinadura aurkeztu zituzten udaletxean

Goiena 2006ko azaroaren 8a

AHTren obrak geratzeko eskatu zuten atzo, martitzena, Aramaion. Horretaz gain, obra horren kontra jasotako herritarren 657 sinadura aurkeztu zituzten Aramaioko Udalean. Baita mozio bat ere, Osoko Bilkuran eztabaida dezaten.

Abiadura handiko trenaren obrak hasi dira Araban. AHTren ibilbideak Aramaio zeharkatzen du eta bertako hainbat auzo eta baserritan eragin zuzena izango du. Aramaio zeharkatuko duen bide-tartearen lanak laster esleituko dira, baina herritarrei euren iritzia ukatu zaiela uste du Aramaioko herritar talde batek eta hori salatu nahi izan zuten atzo.

Mozioa Osoko Bilkuran eztabaidatzeko

Hori dela eta herri kontsulta baten eskubidea aldarrikatu nahi izan du aramaioar talde horrek. Horretarako sinadurak biltzen ibili dira Aramaioko auzo ezberdinetan, eta 657 herritarren babesa jaso dute. Euren izenean, mozio bat aurkeztu dute Aramaioko Udalak azaroaren 29ko Osoko Bilkuran eztabaidatu eta onar dezan.

Herritar talde horren esanetan ez dago aitzakiarik herri kontsulta bat ez antolatzeko, eta horregatik herritar guztiak gonbidatzen dituzte udaleko hurrengo Osoko Bilkuran parte hartzera.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak