Inoiz baino postu gehiago Erretiratuen Eguneko azokan

Goreti Elortza 2006ko urr. 30a, 09:13
Zapatuan Erretiratuen Eguna ospatu zuten Aramaion. Eta urtero bezala, azoka jarri zuten herriko kaleetan zehar. Aurten 33 postu jarri dituzte, aurreko urteetan baino gehiago.

Goizean goiz ez zen jende asko ibili azokan, baina meza ostean kalea bete-bete egin zen. Barazkiak, frutak, eztia, gazta, taloa, landutako egurra, ogia... denetik egon zen Aramaioko azokan 10:00etan hasi eta 14:30ak arte. Saltoki gehienak herrikoak ziren arren, bazeuden Gasteiz, Bilbo eta Eibarretik etorri zirenak ere. Nekazaritza ekologikoko bi postu ere jarri zituzten aramaioarrek.

Gainera, herriko hainbat taldek egun hau aprobetxatu zuten postuak jartzeko. Gazte Asanbladakoek taloak egin zituzten, AHTren aurkako taldeak sinadurak bildu zituen eta San Martin Ikastolakoek GKEentzat batu zuten dirua eurek egindako gozoekin. AEKk eta Araba Euskarazkoek ere jarri zituzten saltokiak.

Erretiratuen Eguna

12:00etan mezatara joateko elkartu ziren herriko erretiratuak. Meza eta gero, Aramaioko Lagun Artean dantza taldekoek saioa egin zuten eliza parean. Jende ugari batu zen ekitaldira eta taldeko gaztetxoenek euskal dantzak badakizkitela argi utzi zieten bertaratuei.

14:30etan pilotalekuan egin zuten bazkaria erretiratuek. Bakailaoa jan eta gero, dantzaldia izan zuten. 150 bat lagun batu ziren jaira eta hainbat opari ere zozketatu zituzten. Herriko nagusienak ere omendu zituzten.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak