Micaela Portilla gogoan izateko plaka erakutsi zuten atzo Untzillan

Jon Berezibar 2006ko urr. 9a, 10:42
Aurten Aramaioko Untzilla auzoko jaietan akordu berezia izan dute herriko lagun oso kutun batekin. Atzo, Micaela Portillaren omenezko plaka inauguratu zuten Untzillako elizan. Merezitako omenaldia izan zuen Gasteizko irakasle eta historialariak; izan ere, hark Arabako zein Aramaioko ondare historikoa eta artistikoa gordetzeko egindako lana balio handikoa izan da.

Auzotar eta herritar ugarik egin zuten bat omenaldiarekin. Herriko dantzari txikiek ere egin zuten saio berezia.

Maistra lanak Untzillan

Historialari lanetan egindako lana lehen mailakoa bada ere, Aramaiorekin harreman sentimentalagorik ere bazuen. Izan ere, 1945 urtean maistra izan zen Untzillan eta herrian arrastoa utzi zuen Gasteizko irakasleak; askok gogoan dituzte oraindik herrian egindako lan eta ikerketak.

Iaz hil zen 83 urte zituela Micaela Portilla eta atzo haren omenezko elizkizuna ere egin zuten. Elizan bertan Portillak egindako lan eskerga ekarri zuten gogora argazki bitartez. Tartean Aramaioko ondarea ere erakutsi zuten bideo-montaje batekin. Herritar eta Udal ordezkariez gain, bertan izan ziren Jabier Retegi, Eusko Ikaskuntzako lehendakaria eta Jose Mari Velez de Mendizabal idazle aramaioarra. Portillaren senitartekoak ere izan ziren Untzillan eta hunkituta kendu zioten historialariaren omenezko plakari oihala.

Ekitaldia dantzari txikien saioarekin amaitu zen, bertaratukoen txalo zaparradarekin.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak