Herritar asko kezkatuta dago babes ofizialeko etxebizitzen atzerapenarekin

Ubane Madera 2006ko urriaren 5a

Enpresa eraikitzaileak ez ditu obrak hasiko urbanizazioa egokia dela ikusi arte.

Olabarri enpresa bilbotarrak Udalari jakinarazi dio ez dela babes ofizialeko etxebizitzak eraikitzen hasiko oraingoz. Arrazoia da orain arte egindako urbanizazio lanen egoera ez dela egokia. Hala uste du enpresa eraikitzaileak. Besteak beste, uste du obrak egiten hasiz gero, orubean eraikita dagoen paretak jausteko arriskua daukala. Udalak esan digunez, gainera, neurri batean, behintzat, Jaurlaritzak arrazoia eman dio Olabarri enpresari. Hori horrela, Olabarrikoek txostena eskatu diote Jaurlaritzari, urbanizazio horren egoeraren gainekoa.

Beraz, orain guztia Jaurlaritzaren eskuetan utzi dute. Udalak ere harekin batzar bat egiteko asmoa du. Kontuak kontu, oraingoz, behintzat, Jaurlaritzak ez du informaziorik eman.

Udaletik jakinarazi digute, berriz, joan den apirilean aurkeztu zutela obren exekuzio proiektua, eta obrek hasita beharko luketela.

Kalean ere kezka sumatzen da askoren artean; iazko azaroan zozkatu zituzten etxeak eta tokatu zitzaienak ez daude batere pozik proiektuaren atzerapenarekin.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak